23. Korrika

"Oso gaude harro herriaz, harro gure herriaz, eta hunkituta, eman diguzuen laguntza guztiagatik"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 22a, 11:22

"Etumeta AEK euskaltegikook oso gaude harro herriaz, harro gure herriaz, eta hunkituta, eman diguzuen laguntza guztiagatik". Eskertza mezu hau plazaratu dute euskaltegiko kideek igaro berri den 23. Korrikaren agurrean. Ostegun iluntzean borobildu dute ekimen honi eskainitako zikloa, herrian barrena eginiko kultur ibilbidearekin.

Igandean Baionara heldu arte bidean segiko duen arren, ostegun arratsalde honetan agurtu du Usurbilek aurtengoz, 23. Korrika. Astearte gauean zeharkatu zuen udalerri hau alderik alde euskararen aldeko lasterketa zinez jendetsuak, Korrika Batzordeak hainbat eragilerekin lankidetzan antolaturiko ekimenez jositako egunaren amaieran hain zuzen.

Batzorde honek, aipatu moduan, ostegun honetarako zuen iragarria azkeneko hitzordua; diziplina ezberdinetako sortzaileez eta sorkuntzaz giroturiko kultur ibilbidea herrian barrena. Txiriboga parean hasi eta Aitzaga zein Artzabal inguruak zeharkatu zituen, ez Korrikan bezala lasterka bizian, patsada handiagoz baizik, baina ederki girotua. Mikel Laboa plazan amaitutako kalejirak Usurbilgo erraldoiak izan zituzten bidelagun, trikitilari eta panderojoleekin eta bertsolariekin batera.

Herri sorkuntza bidelagun
Geldialdietan, aipatu moduan, herrikideek giroturiko emanaldi labur bezain ederrez gozatzeko parada izan zuten parte hartzaileek. Txiriboga parean, Ixabel Agirresarobek lekukoa irudikatzen duen makila ezagunari buruzko kontakizun batekin ekin zion hitzorduari; haren lekukoa Alberto Pikabeak hartu zuen Aitzaga parean, Korrikari buruz umoretik eginiko hausnarketa zorrotzarekin. 

Kalejira Artzabalera heldu zenerako zain zituzten Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak. Euskarari gorazarre egiten dioten abestiak hartu zituzten ahotan. Amaitzeko, Usurbilgo Txalaparta Eskolako kideek ere erakustaldi ederra eskaini zuten 50 urte betetako Zumetaren muralaren parean. Geldialdi guztietan, eta honako honetan ere bai, bertsotan hasi eta agurtu zuten 23. Korrikari lotutako ekimen zikloa borobildu duen kultur ibilbide berezi hau, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan murgiltzear den Uxue Fernandez eta Aitor Agirre bertso eskolako kide eta herrikide direnek eta Lasarte-Oriako Lierni Rekondok.

Etumeta AEK euskaltegitik jakinarazi dutenez, "oso gaude HARRO HERRIAZ, harro gure herriaz, eta hunkituta, eman diguzuen laguntza guztiagatik". Honako eskertza mezua plazaratu dute 23. Korrikaren agurrerako:


Etumeta AEK euskaltegiaren adierazpena
Bazetorrela, bazetorrela, eta konturatzerako joan zaigu 23. KORRIKA.

Aurreko hogeita biak bezalaxe, aurtengoa ere mundiala izan da zuen laguntzari esker. Kilometroz kilometro, ibilbidea motz gelditu zaigu usurbildarroi: lekukoa inoiz baino esku gehiagok eraman dute, eta ilusioz hartu ditu honek denak ere. Pausoz pauso, ozen entzun da gure oihua: Usurbilen ere euskararen alde!

Horregatik, Etumeta AEK euskaltegikook oso gaude HARRO HERRIAZ, harro gure herriaz, eta hunkituta, eman diguzuen laguntza guztiagatik. Bejondeizuela!

Izango dugu bihar ere zuen beharra, mila esker bihotz-bihotzez, eta harro hadi, Usurbil!