23. Korrika

[ZUZENEAN] Baionan amaitu bezpera honetan, Beterri Buruntzara itzuliko da gaur 23. Korrika

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 23a, 08:30

Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga zeharkatuko ditu 23. Korrikak, Usurbil mugakide duen Donostian sartu baino lehen. Hamaika egunen ostean, igandean iritsiko da Baionako helmugara. Egun osoko jaialdia iragarri du bertan AEK-k.

Azken 24 orduak Araba eta Bizkaia artean ibili ostean, bizi asko itzuli da 23. Korrika hirugarrenez Gipuzkoara. Larunbat goizalde honetan 03:30ak pasatxoan sartu da Debagoienatik. Arrasate edota Oñatitik igaro ostean, Zumarragatik barrena, Goierrin murgildu da. Gabiria, Idiazabal, Beasain, Ordizia zeharkatuko ditu larunbat goiz honetan zehar. Eguerdian, Tolosaldean sartuko da, eta, adi, Beterri Buruntza eskualde honetara itzuliko da bigarrenez AEK-ren ekimen jendetsua. Usurbildik eta Lasarte-Oriatik izan ezik, bailarako gainerako lau udalerrietatik igaroko da; 16:00ak jo aurretik Andoainera helduko da, Urnietara 16:30ak pasatxoan, Hernanira 17:30ak baino lehen eta 17:54ak aldera lehen Astigarragara.

Handik, Usurbil mugakide duen Donostian sartuko da 19:30ak baino lehen 23. Korrika eta ia lau orduz Gipuzkoako hiriburuko kaleetatik ibiliko da tipi-tapa. 23:00ak aldera iritsiko da Pasaia aldera eta gauerdiaren bueltan Oreretara.

Zuzenean 24 orduz
Egunotan gogorarazi moduan, euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarraitu ahalko duzue 24 orduz, EITB-ren seinalearen bidez, albiste honi atxikia duzuen bideoan klikatuta.

Amaierako festa Baionan
Azken txanpan sartu da 23. Korrika. Igande honetan, martxoaren 24an, iritsiko da hamaika egunen ostean Baionako helmugara, gauerdian Oiartzundik une batez Nafarroara sartu (Lesaka eta Beratik) eta Lapurdira itzuli ostean. Sara, Senpere, Arbona, Biarritz, Angelu eta Baiona inguratu ostean, Lapurdiko hiriburuan amaituko da euskararen aldeko lasterketa.

Eguerdiko 12:30etan espero da iristea, Lapurdiko hiriburuko herriko etxera eta bertan egingo da azken ekitaldia. Hortxe ezagutuko da egunotan eskuz esku dabilen lekukoak daraman mezu sekretua. Haren egilea, lasterketaren azken metroetan ezagutuko da nor den. Izan ere, 23. Korrikako azken kilometroan lekukoa berak eramango du, AEK-koekin batera.

Mezu sekretua irakurri eta agurreko ekitaldiaren ostean, egun osoko jaialdia iragarri dute Baionan:

Martxoak 24, igandea
1-Naiz gunea, San Andres plaza:
13:45 Anje Duhalde
16:00 Xutik
18:15 Xiberoots
20:30 SFM

2-Mertatu gunea:
11:00 Kuxkuxtu
13:45 Ibil Bedi
15:30 Frikun
17:30 Bilabal

3-Etxepare Euskal Institutu Gunea: Xaho Kaia
Erakusketa: "Mundu bat Korrika!" erakusketa eta horma-irudia
13:30 Zikiroa
16:00 Pontx pailazoa

4-Patxa plaza:
14:00 Haira
15:30 Zetkin
17:30 TOC
19:15 Nakar
21:00 Kuma No Motor
22:45 AKTS

Karriketan
10:30 Patxi eta Konpainia Gambetta plazan
11:00 Kuxkuxtu Merkatu plazan
13:30 Topatopia batukada Patxa plazan
14:00 Ixtaklok Bar Basquen.
18:00 Patxaranga Zamain