Hurrengo NOAUA!, apirilaren 12an

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 2a, 07:50

Asteotako etenaldiaren osteko lehenengo aldizkaria apirilaren 12an argitaratuko dugu.

Martxoaren 22an kaleratu genuen azkeneko 985. astekaria, egun haietan gure artetik igarotako 23. Korrikako irudiekin, besteak beste. Pasa den astean eta oraingo honetan ere ez da aldizkaririk izango. Hurrengoa, 986. NOAUA!, bi asteko etenaldiaren ostean argitaratuko dugu, apirilaren 12an. Honenbestez, plazaratzeko oharrik izanez gero hilaren 8a baino lehen helarazi erredakzioa@noaua.eus helbidera, edo bestela, 943 360 321 telefono zenbakira deitu.

Zenbakiei erreparatuz gero ohartuko zineten; 1000. zenbakira begira da NOAUA!. Uztailean helduko da zifra ezin borobilago horretara.

Hobaria errenta aitorpenean
NOAUA!kide ez zaretenoi animatu bazkide izatera! NOAUA! Kultur Elkarteko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria abiatzear den errenta aitorpenaren kanpainan eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.

Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue edota web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean.

Laburbira
Beste ohar bat NOAUA! Kultur Elkartetik. Ate joka dugun hitzordua gogora ekarri nahi genuke lerroon bidez. Izan ere, euskarazko film laburren emanaldia, 20. ediziora heldu den Laburbira antolatu dugu apirilaren 14an, arratsaldeko 18:30etan Sutegin. Azken aldian, euskaraz ekoitzi diren iraupen motzeko ikus-entzunezko lan berriak ezagutzeko aukera izango duzue kultur-etxeko auditorioan; zortzi guztira. Sarrera doakoa izango da.

Ondorengo lanak ikusteko aukera izango dugu:
-DENA ASMATUTA DAGO (Jone Arriola)
-KATALINAREN ZORIA (Guillermo Ordás)
-ERRO (Amaia Lejarreta)
-BABESA (Ander Iruretagoyena)
-MUNDU BERRI BAT (Mikel Alvarez)
-ZIRRARA (Ane Cuesta)
-TALKAK (Ilune Diaz eta Jordi Nuet)
-BETIZU BURU (Kim Maiteny Munoa)