Usurbildik igaroko ez den egunotako Itzuliko kartela, Joseba Larratxerena

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 2a, 08:00

Atzo hasitako ehungarren urtemugako Itzulia aurtengoan ez da Usurbildik igaroko, baina udalerri honen zigilua darama. Izan ere,  aurtengo edizioko kartela Joseba Larratxek sortu du.

 

Astelehenean ekin zieten pedalkadei Euskal Herriko Itzuliko partaideek. 23. Korrikak egin moduan, txirrindularitza proba honen 63. edizioko lehen etapa ere Irunen abiatu eta bertan amaitu zuten. Astearte honetako bigarren etapa ere Irunen hasi eta Kanbon bukatuko dute.

Larunbatera arte egunero etapa bat izango da; apirilaren 3an, Ezpeleta eta Altsasu artean ibiliko dira txirrindulariak, hilaren 4an Etxarri Aranatz eta Legutio artean, hilaren 5ean Gasteiz eta Zornotza artean, eta, azkenik, larunbatean, Eibarren hasi eta amaituko dute txirrindulariek seigarren jardunaldia.

Kartela
Urtero Usurbildik igaro arren, aurtengoan ez, gizonezkoen Itzulia ez da udalerri honetatik igaroko. Aldiz, Euskal Herriko txirrindularien bira udalerri honi lotua egongo da aurten ere, sortzaile baten bidez. Izan ere, Joseba Larratxe "Josevisky" ilustratzaileak sortu du Itzuliaren kartela. Segidan duzue.

Kartel hau diseinatzeko enkargua sari baten eskutik heldu zaio Larratxeri. Iaz, Euskadi Literatura saria jaso zuen Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) komikiagatik. Azken sei urteotan, sari hau jasotzen duenak sortzen du Itzuliko kartela. Hala da, 1936ko gerraren aurretik. Kirola eta kultura batzen dituen ekimen hau 2019an berreskuratu zuten.

Egilearen esanetan, bi irudi baliatu ditu kartel hau egiteko. “Batetik, txirrindularien esfortzu aurpegiak, izerditan, ahoa zabalik edo hortzak estuturik, mendian gora. Bultzada horrekin erlazionatu dut beti txirrindularitza. Bestetik, euskal zaletuen irudia etorri zitzaidan gogora, Euskal Herriko eta atzerriko portuetan, errepide bazterra ikurrinez betetzen. Izan ere, zaleak dira euskal txirrindularitzaz gehien goraipatzen dena. Ondoren, txirrindulariaren betaurrekoetan zaletuen isla erakutsiz bi irudi horiek bakar batean elkartu nitzakeela konturatu nintzen. Modu horretan, txirrindulariaren azalean jartzen gara eta berak ikusten duena ikusten dugu”.

Mendeurrena
Larratxek sortutako kartelak edizio berezia iragarriko du; 63. Itzulia bai, baina estreinakoz lehenengoa antolatu zutenetik ehun urte beteko dira.