Eguerdian egindako irekiera ekitaldira joan direnek haien kasa ikusi ahal izan dute Pelaioenea berritua. Bestela, instalakuntza berrion nondik norakoen berri jasotzeko Usurbilgo alkateak berak gidaturiko bisita laburretan parte hartzeko aukera izan dute.
Bi solairu ditu Pelaioeneak. Goikoan, areto funtzioa egingo duen ganbara eder askoa. Behekoan, erabilera anitzeko eremua izango da bileretarako. Sukalde txiki bat ere badu, liburutegiaren txokoarekin batera. Bi sarbide ditu Pelaioeneak eta irisgarritasuna bermatua du eraikinak. Izan ere, eskilarez gain, igogailu batek lotzen ditu bi solairuak.
Hainbat zerbitzu eta proiekturen artean kokatuko da Pelaioenea; baita, beraz, bertako Usurbilgo Emakumeen Etxea eta kalezartarren bilgune lanak egingo dituen udal ekipamendua. Izan ere, gertu du uztailean inauguratu zen zaintzadun etxebizitzen auzune berria, Egurtzegi. Lehendik zen Haur Eskolaz gain, handik gertu irekitzear dute, 18-30 urte arteko gazteak eta 65 urtetik gorako herrikideak elkarbizitzen jarriko dituen Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitario berria.
Hemen Pelaioenea berrituaren zenbait irudi barrutik: