"Herrian norbaitek agurtzen nau, inolako erreferentzia ezagunik ez dudanean". Gure artera bizitzera datozenen artean, berebiziko garrantzia duen keinu txiki-handia. Horretan eragin nahi du, herrikide sentiarazten lagundu, Usurbilgo Udalak sustatu eta Zabalduz kooperatiba dinamizatzen ari den HarEman egitasmoak. Usurbil herri harreragile bilakatzeko bidean, bertan jaio eta bizitakoak eta hona heldutakoak hartuemanetan jarri, elkar ezagutu eta aberastea helburu du proiektu horrek, kulturartekotasuna sustatzea.
Ingurua aurkezteko gogoz
Udazken amaieran hasi ziren, gizarte mentoretza programa honetarako boluntario bila. Negu hasieran bideraturiko izen-emate kanpainatik hainbat bikote sortu eta harremantzen hasiak dira azken aldian, denek elkarrekin Potxoenean eginiko formazio saioaren ondotik. Parte hartzaileen artean da Onintze Kamino Landa. Zabalduz-eko langile zein bazkidea eta herrikidea, une honetan bizitzen ari den amatasun eszedentzia tarte hau, HarEman-en bere ekarpena egiteko baliatzen ari da. "Denbora nuen eta ilusioa". Argi du; "ni ere beste leku batera bizitzera joango banintz, halako bidelagun bat izatea nahiko nuke".
Bikoteak osatzeko garaian, Zabalduz aritu da zubi-lana egiten; profilak, zaletasunak... parekatzen. Oso eroso sentitzen da ezagutzen ari den herrikide berriarekin. "Adin paretsukoak gara, biok ama gazteak, denboraldi batez lan mundutik at gaude haurrak zaintzen". Elkar ezagutzen eta konfiantza eraikitzen doaz, modu naturalean. "Neure ingurua aurkezten joateko gogoa dut", adierazi digu Onintzek.
Komunitatea saretzen
Halako egitasmoen beharra sumatzen du. "Erakundeen laguntza ez da aski. Geroz eta jende gehiago dago bakarrik", ohartarazi du. Geroz eta indibidualistagoa den gizarte honetan, nabarmentzen duenez, "denok egin dezakegu zerbait komunitatea saretzeko. Gure herrira iritsi direnei bidea erraztea behintzat". Zer garrantzitsua den, bere esanetan, "kalean irribarre konplize bat izatea". Horixe behar baitu berez bizi proiektua bat ezerezetik hasten ari denak; "gizarte honen parte sentitzea; ez erroldatua soilik, herriko bizitzaren egunerokotasunean baizik", Onintzeren esanetan. Eta trukean, irribarre egin duenak ere zenbat jaso dezakeen nabarmendu dio NOAUA!ri. "Zuk ere konplize bat gehiago duzu herrian. Izan ere, ekarpena ez da nik egiten dudana soilik, berarengandik jasotakoa ere bai"; esaterako, bidelagun duenaren bizi-esperientziak. Pixkanaka, bidea egiten doaz, konfiantza hartzen. "Horrek bide ematen dizu, aurrera begira plan ezberdinak egiteko" eta azkenean, hartuemanari egitasmo honen baitan hartutako konpromisotik haratago segida emateko.
"Ea zer gertatzen den"
HarEman proiektuan parte hartzen ari da Argenis Salcedo. Venezuelan jaio eta hazitakoa, Txilera bakarrik bizitzera joan beharrean aurkitu zen. Usurbila bizitzera etortzea, beraz, ez da izan estreinakoz egin behar izan duen leku eta bizimodu aldaketa bakarra. Gustura bizi izan zen zazpi urtez Txilen, "ez nuen etorri nahi handik" eta horregatik, adierazi digunez, "hemen istorioa errepikatzea espero dut". 2022. urte amaieran etorri zen semearekin. Dagoeneko hemen bizi zen gaztetxoaren amaren gonbitari baiezkoa ematea erabaki zuen. "Hasieran ez nintzen kokatzen. Hemen zer egiten nuen galdetzen nion neure buruari; bestalde, semea hemen nuen. Bera izan zen hemen geratzeko arrazoi nagusia", Txilera itzultzear egon baitzen. "Ea zer gertatzen den". adierazi dio NOAUA!ri. Noiz arte ez daki, baina momentuz hemen biziko dela argi du.
"Bakardadea, oso handia"
Usurbila heldu zenetik txikitatik hemen bizi duen lehengusuaren bueltako sarea du. Semeak eskubaloian jokatzen du eta horren bidez integratzen ari dela dio. Halere, "ez dut jende asko ezagutzen. Horrek nire alde edo aurka joka dezake. Alde, neure barrura begiratzeko astia ematen didalako. Baina batzuetan bakardadean igarotako denborak gehiegi pentsatzera eramaten nau". Txilera iritsi berritan bizitako bakardade gogor hura datorkio burura. Zorionez, "herramintak baditut emozionalki zer bidetan noan jakiteko. Horiek gabe edonor erraz hondara daiteke, bakardadea oso handia baita".
Herrikideekin harremandu, herrian murgiltzeko
Testuinguru horretan, parte hartzen ari da HarEman egitasmoan eta herrikide batekin hartuemanetan dabil. Izen-ematea bezalako "lehenengo pausoak dira gehien kostatzen direnak, baina behin barruan zaudela bidea egiten duzu, ez zara jabetzen noraino hel zaitezkeen". Besterik gabe, hitz egitea bada helburua, argi dio, edonorekin komunikatu daiteke, baina xedea, "bizi naizen tokia ezagutzea da. Nire asmoa hemen geratzea bada, bizimodua hemen egin behar badut, herri honen funtzionamendua ezagutu behar dut; herria zerk aberastu eta pobretzen duen, zerk egiten duen herria handi edo txiki... Bestela, ez du zentzurik hemen isolatua bizitzeak". Horregatik, harreman sarea handitu nahi du horretarako. Izan ere, "pertsona batekin harremantzean, herrira lotzen zoaz" eta guztiok dugun oinarrizko beharra asetzen laguntzen du baita HarEman-ek; hitzak dioen moduan, harremantzea; jaso eta eman, eman eta bueltan jasotzea, bi norabideetan, aldi berean.
"Orain, integratuagoa"
Argi du, bide hori ez da erraza. Duela hamabost bat urtez izan zen bisitan lehen aldiz Usurbilen. Orduko herri hura egungoa baino "hermetikoagoa" zela oroitzen du. "Orain integratuagoa" ikusten du. Hori bere herri ikuspegia, baina nabarmendu nahi izan digu baita, badagoela zer aldatua herrira datozenekiko ere. "Ez gara integratu nahian gabiltzan heldu berri gaixoak. Kanpotik datorrena ez da mehatxu bat, gaitasun, energia, aukera berriak baizik. Kulturen arteko trukea egon daiteke, denontzat onuragarria dena. Mila zarete hemen, ni bakarra. Nik egin dezakedan ekarpenak emaitza onak izan ditzake", gogorarazi dio NOAUA!ri.
Pertsona bat herri ezezagun eta berri batera heltzen denean egin beharrekoak dituen oztopoz betetako tramiteen gainetik, trebetasuna, etorri berriarekiko kontua handiagoa izatea falta da bere esanetan. Horma horiek hausteak dakartzan onurak nabarmendu ditu. "Norberak enpatia gehiago du besteekiko, kontu handiagoa du pertsonekin eta gainera, ezagutza handiagoa". Herri harreragile izateko bide horretan, zer urrats gehiago eman ditzakegun galdetuta, argi dio; "HarEman bezalako egitasmoaren inguruko propaganda gehiago" egitea egokitzat jotzen du, Mundualdia bezalako egun bakarreko ekimenen islada nabariagoa izatea urtean zehar. Duela hamabost urtetik hona herri honetan bilakaera sumatu du eta aurrerantzean ere bide horretatik segiko duela uste du. "Egun ez da duela hamabost urte bezain herri itxia, eta horrek denborarekin aldatzen segiko du. Jende gehiago, kultura gehiago sartzen ari dira herrian". Usurbila datorrenarentzat, hemen bizi baldintza egokiak daudela ikusten du, besteak beste, "herri txikia izateagatik, non herrikide gehienak elkar ezagutzen diren. Ia egunero ikusiko duzu ezagutzen duzun jendea. Agurtzen nau gizon galizar heldu batek. Gaztetan etorri zen Usurbila bizitzera, eta argi dio ez dela hemendik joango".
Segida
Lehenengo bikote harremanak bideratzen hasiak dira bistan denez, baina ez da hemen amaitzen Zabalduz kooperatibak HarEman egitasmoari dagokionean duen zeregina. Harremantzen ari diren herrikideen jarraipen lana egiteaz gain, harremanotarako kide berrien bilaketan segi nahi dute, izan ere "herri honetan, konplizitate eta erreferentzia faltan, bakardade egoerak" asko baitira, Loira Manzaniren esanetan. Egitasmoa herrian txertatzen segi nahi dute. "Kulturartekotasunaren gaia ez da erraza, baina jendea pausoak ematen ari da. Proiektu hau geratzeko etorri izana espero dugu". Ekainean egingo dute lehenengo ikasturte honen itxiera. "Baratza batean barbakoa bat" egitea bururatu zaie parte hartzaileei. Hurrengo ikasturterako prest utzi nahi dute guztia, izan ere "Udalak hartuko du gidaritza".