#A21

Posta bidez bozkatzea galdegin dutenek egunotan jasoko dute dokumentazioa

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 2a, 09:14

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako modalitate horretan botoa eman nahi dutenek apirilaren 11ra arteko epea dute eskaera egiteko.

Apirilean sartzearekin batera, udaberri honetarako iragarriak dauden bi hauteskunde deialdietan, lehenengoan murgiltzera goaz bete-betean. Izan ere, ekainaren 9an Europako Parlamenturako hauteskundeak izango ditugu. Aldez aurretik, hilabete honetan bertan, apirilaren 21erako Eusko Legebiltzarra berritzeko bozketa eguna deitua dago. Hitzordu hau gerturatu ahala, prestaketak aurrerabidean dira; ostiralean, bi asteko hauteskunde kanpaina abiatuko da.

Gogoan izan, otsaila amaieran hauteskundeok deitu zituztenetik, zabalik da posta bidez botoa emateko eskaera egiteko epea Correoseko bulegoan. Interesdunek hilaren 11ra arteko epea izango dute eskabide hau bideratzeko. "Euskadin bizi diren edo aldi baterako Estatuan edo atzerrian bizi diren pertsonek" eskatu ahalko dute Correoseko bulegoan edota online correos.es bidez.

Jada eskaera egin dutenek egunotan jasoko dute datozen hauteskundeotan modu horretan parte hartzeko beharrezko dokumentazioa, baita datozen egunotan egindakoek ere, denek apirilaren 14a baino lehen. Baliabideok jaso ahala, dokumentazioa eta botoa Correoseko bulegoan aurkezteko apirilaren 17ra arteko epea izango dute eskaera egin dutenek.

Atzerrian bizi direnak
Aldi baterako nahiz modu iraunkorrean atzerrian bizi direnek ere boto eskubidea bermatua izango dute, ohi bezala, apirilaren 21ean ere. Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, aldi baterako atzerrian bizi diren pertsona horiek “ez-egoiliar” gisa inskribatu zitezkeen Kontsuletxeko Matrikula Erregistroan, martxoaren 23a baino lehen. Gero, "egoiliarrak posta bidezko botoa eskatzeko inprimakia jaso dezake Kontsuletxean, edo Eusko Jaurlaritzaren https://euskadi.eus webgunetik, edo Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren webgunetik ere jaits dezake. Eskaera egin ondoren, Hautesle Erroldaren bulegoak posta ziurtatuaren bidez bidaliko ditu dokumentazioa eta boto-paperak, hautesleak ere posta ziurtatuaren bidez bidal ditzan Euskadiko bere hauteskunde-mahaira martxoaren 26tik apirilaren 17ra bitartean".

Modu iraunkorrean atzerrian bizi direnen kasuan, aldiz, Euskadiko hauteskundeetan lehenengo aldiz, eta LOREG lege organikoaren 75. artikulua aldatu izanaren ondorioz (boto erregutua), modu iraunkorrean atzerrian bizi diren eta CERA-AEHEn inskribatuta dauden pertsonek" eskaerarik egin gabe dokumentazioa etxean jasotzekoak ziren martxoaren 16tik 22ra, hilaren 27tik 31ra boto-paperak. Kontsuletxera helarazi beharko dute posta ziurtatuaren bidez edo Kontsuletxeko hautetsontzian sartu, apirilaren 13tik 18ra.

Mahaikideak hautatuak
Gogoan izan, bestalde, martxoaren 21eko osoko bilkuran zozketa bidez hautatu zituela Usurbilgo Udalak, datozen hauteskundeetarako mahaikideak, guztira 72. Jakinarazpenak ondorengo egunetan helarazten aritu ziren udaltzainak atez ate. Hilaren 21ean mahaian egotea egokitu zaionari, adi data hauei:
-Martxoak 22-30: mahaiko kideen jakinaraztea eta jarraibideei buruzko gidaliburua entregatzea.
-Martxoak 23-apirilak 6: mahaiko kideek Eskualdeko Hauteskunde Batzordean mahaietako kide ez izateko alegazioak aurkezteko aukera.
-Martxoak 23-apirilak 11: Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak ebaztea, eta hala badagokio, ordezkapena jakinaraztea lehen ordezkoari.
-Apirilak 5-21: mahaikideek Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraztea ezin direla kargua betetzera joan.
-Apirilak 21: hauteskunde eguna. 8:00etarako egon beharko du mahaikide bakoitzak dagokion hauteslekuan mahaien osaketarako. Aurrez, bilera deituko du Udalak mahaikideei beharrezko argibideak emateko.