Amaitu berri den 23. Korrika itzela izan dela baloratu du AEK-k astelehen goiz honetan, euskararen aldeko lasterketa helmugatik bertatik, Baionatik. Euskaltzaleen uholdea Euskal Herrian barrena hedatu da azken hamaika egunotan; errealitate horren ispilu argia izan genuen, Korrikak duela astebete geure artetik egindako kilometroetan ere.
Euskararen aldeko lasterketaren arrastoaren atzetik ibili gara egunotan. Martxoaren 19ko gauean Zubietako hipodromotik hasi eta Aginagako Mapileraino eginiko ibilbideko irudiak zuenganatu genituen. Aurretik, Aztarrikak eginiko dantza bidezko beroketa ariketak, ikastetxeetan Korrika Txikiak edota Zirimarako familia planako ekintzak egin zituzten, Udarregi ikastolako bertso eskolako kideek ere euskarari koplatan aritu zitzaizkien. Hango berri ere eman genizuen, baita aurrez herrian eginiko beste hainbat girotze ekimenen berri ere; hala nola, AEK-ko ikasleentzako Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eginiko bertsogintza tailerrari edota Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek euskaltegia laguntzeko eginiko elkartasun azokari buruzko xehetasunak.
Ekimen hauen guztien irudi eta hitzak, web orrialde honetako "23. Korrika" kanalean batu ditugu, https://noaua.eus/bereziak/ atalean.