Errenta aitortzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 2a, 09:04

Ogasunarekin diru kontuak argitzeko unea heldu da urtero moduan. Errenta aitortzeko kanpaina ate joka dugu. Autolikidazio proposamenak asteazkenetik aurrera ikus ahal izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi ditu dagoeneko errenta aitortzeko kanpainako datak eta eskura ditugun modalitateei buruzko xehetasunak. Ohi bezala, hiru modutan tramitatu ahalko dugu. Autolikidazio proposamena jaso duzuenok, telefonoz edo internet bidez onartzeko aukera izango duzue. Foru Aldundiaren esanetan, "iaz proposamenen %83,3 onartu ziren".

Errenta mekanizatuari dagokionean, "telefonoz edo internet bidez hitzordua aurrez eskatuz gero, aitorpena egiten lagunduko dizugu gure bulegoetan". Azkenik, sarea baliatu ahalko duzue zuen errenta aitortzeko. "Gure laguntza programaz baliatuta, internet bidez bidali dezakezu aitorpena. Zerorrek egin dezakezu zuzenean, edo, bestela, ordezkari profesionaletako edozeinen bitartez".

 

Modalitateak



Datak
Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatuak ditu iazko errenta aitortzeko datak:

  • Proposamak onartzea 2024/04/08tik 2024/07/01era. Dena den, apirilaren 03tik aurrera ikus daitezke proposamenak. Egin klik esteka honetan: Errenta 2023. 
  • Internet 2024/04/11tik 2024/07/01era.
  • Mekanizatua 2024/04/16tik 2024/07/01era.


Informazio gehiagorako: 943 112 111 / gipuzkoa@gipuzkoa.eus


Errenta aitorpena euskaraz
Errenta euskaraz aitortzeko aukera izango dugu urtero moduan. Autolikidazio proposamena jasotzen duenak, telefonoz nahiz internet bidez onartzerakoan euskaraz egin nahi dela adierazi eta “aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu”. Internet bidezko modalitatean, “errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu, finantza erakunde batean esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu”. Errenta mekanizatuaren kasuan, hitzordua eskatzerakoan Ogasunarekin euskaraz harremandu nahi dela adierazi daiteke.


Hobaria NOAUA! K.E.-ko bazkideentzat
Adi baita NOAUA! K.E.-ren bazkideok; bazkidetzagatik hobaria aplikatuko zaizue errenta aitorpenean. Horratx, kultur elkarte honetako kide izatearen beste abantailetako bat. Bazkidetza tramitatu nahi duzuenok web orrialde honetan bertan bidera dezakezue, noaua.eus/bazkidetu atarian.