Opor giroko aisialdi ekimenen segida egunotan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 2a, 08:12

Herriko zenbait eragileek elkarlanean antolaturiko Kirol Astearen ondotik, oporraldi betean segitzen duten gaztetxoek aisialdi ekimen gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute egunotan.

Izan ere, batetik, Ziortza gazte elkarteak elkarbizitza txangoa iragarri du gaur hasi, apirilaren 2an eta datozen hiru egunotarako, hilaren 4ra arte. LH 5 eta 6 mailakoentzako iragarri dute ekimen hau Zarauzko Igerain aterpetxean. Bertan apuntatzeko epea itxita dago.

Bestalde, Gaztelekuak
ere bi ekintza antolatu ditu egunotarako, bi txango Nafarroa aldera. Etzirako, hilaren 4rako, Irrisarriland Igantziko abentura parkera iragarritako txangoan parte hartu ahalko dute DBH 2 eta 3. mailetako gazteek. Biharamunean, ostiralean, apirilaren 5ean, beste irteera bat programatu dute. Kasu honetan, DBH 1ekoekin Arguedaseko Sendaviva natur parkera joango dira. Ekintza hauetan izen-emateko 688 713 838 telefono zenbakira deitu beharko da, aldez aurretik edota emaila idatzi gaztelekuausurbil@gmail.com helbidera.

Ekimenok, Pagazpe pilota elkarteak, Usurbil F.T.-k eta Usurbil Kirol Elkarteak antolaturiko Kirol Astearen ondotik datoz. Iragan astean LH osoko hainbat ikasleek hiru eragileok prestaturiko ekintzetan parte hartzeko aukera izan zuten lau egunez.

Udako kanpaldia
Hitzordu hauez gain, Ziortza bera udara begira da jada. "Uda antolatzen hasteko momentua iritsi da!", iragarri dute. Izan ere, uztailean Errioxako Peñaloscintosen antolatzen duen udako kanpaldirako aurre izen-emateko epea ireki duela jakinarazi du. Horretarako, apirilaren 7ra arteko denbora tartea finkatu dute. Segidan duzuen gazte elkarteko argazkiko QR kodearen bidez bideratu daiteke aurre izen-ematea. Ohartarazi dutenez, "aurrerago egin beharko da izen-emate ofiziala". Eta, adi, "soilik, galdetegi hau bete dutenek egin ahal izango dute".

Aurtengorako ere hiru txanda antolatu dituztela iragarri dute Ziortzakoek:
-Uztailak 4-13: DBH 3-4.
-Uztailak 13-20: DBH 2.
-Uztailak 20-27: DBH 1.