Hauteskunde, irteera, erakusketa eta dantza saio artean joango zaigu apirila

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 2a, 09:23

Opor egunok igarota, hitzordu eskaintza zabalean murgilduko da herri hau.

Askorentzat jai eta opor egunok izango diren honetan ekin diogu urteko laugarren hilabete honi. Aisialdiko zenbait ekimen baino ez dira iragarri herrian lehen egunotarako, baina berehala hasiko da mugimendua. Izan ere, ostiral honetan bertan, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako kanpaina abiatuko da.

Bozketa giroan joango zaigu, beraz, lehenengo hamabostaldi hau, baina izango da ordea ekimen gehiago ere. Ezkutuan izan eta azaleratzen segitzen duen herri honen iraganera begira jarriko gaitu Usurbil 1936 elkarteak, apirilaren 13rako antolaturiko Andatzako defentsa-lerroa ezagutzeko txangoak. Ibilaldi gidatu eta antzeztua iragarri dute eragile eta herrikide gehiagorekin lankidetzan.

"Zumetaren Usurbil"
Bisita gehiago ere iragarri dira, kasu honetan, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eskutik apirilaren 14, 20 eta 28rako; herriko kaleetan dugun kultur sorkuntza ezagutzea ahalbidetzen duten "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuak hain zuzen. Oraingo hauek, ordea, berezitasun bat izango dute; ibilbide horretan, geltoki berri bat txertatuko baitute, Sutegiko erakustaretoa. Izan ere, bertan, apirilaren 12tik 28ra "Zumetaren Usurbil" izeneko erakusketa bisitatzeko aukera izango dugu.

Hilaren 12an irekiko da eta bertan, Jose Luis Zumetak herri honekin zuen lotura artistikoan sakontzeko Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak ikusgai jarritako bere sorkuntza lan bilduma ederra bisitatu ahalko dugu. Hitzordu honekin, amaiera emango zaio Usurbilen, herriko artista handiaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga tarteko, azken urtebetean antolaturiko ekimen zikloari.

Antzezlanak, Laburbira, organo kontzertua, Liburuaren Hilabetea...
Arte diziplina gehiagori ere lekua egingo die estreinatu berri dugun apirilak. Hasteko, NOAUA! Kultur Elkarteak 20. Laburbira antolatu du apirilaren 14rako. Azken aldian ekoitzi diren euskarazko zortzi film labur proiektatuko dira Sutegin. Gure Pakea elkarteak, bestalde, lau antzezlan programatu ditu Sutegin apirilaren 19rako. Gipuzkoako Organoak Plazara 2024 zikloaren baitan, azkenik, Thierry Rechichen organo kontzertua antolatu dute Salbatore elizan.

Kultur-etxetik irten gabe, urteko laugarren hilabete honetan, hilaren 23an ospatzen den Liburuaren Eguna aitzakia gisa hartuta, Liburuaren Hilabetea iragarri dute liburutegikoek; irakur-jolas txokoa antolatu dute 6-8 urte arteko haurrentzat; 8-10 urte artekoentzat Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren “Gutunak birramonari” liburuaren aurkezpen-tailerra eta, azkenik, Xabier Mendigurenen “Oso latza izan da” kronika liburu literarioari buruzko solasaldia egilearekin berarekin.

Liburuekin segita, Iñurri elkarteko kideek "Crisálida" liburuaren aurkezpena iragarri dute hilaren 13rako.

Dantzan
Dantza bizian agurtuko dugu apirila Orbeldikoen eskutik. Batetik, 5. Dantzari Txiki Eguna iragarri dute apirilaren 20rako, astebete beranduago 12. Dantza Eguna, tranpaldo ireki, kantu bazkari, dantza kalejira edota Borobil herri ikuskizunaren estreinaldiarekin.

Auzoetako eskaintzari dagokionean; batetik, Txokoalden sendabelarrei buruzko ikastaroa antolatu du Txokoargik hilaren 20rako. Astebete lehenago, "The Bedbreakers" musika akustikoa Erroizpe elkarteak. Zubietan egingo da urtero sagastietan egiten den bertso-ibilaldia. Azkenekoa urrian egin zuten Aginagan; oraingoak, Iruin sagardotegiko aparkalekua izango du abiapuntu. Hortik aurrera, Alkartasuna kooperatibaren hitzorduan Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsotan ariko dira. Jakoba Errekondok hainbat argibide eskainiko ditu.

Egunez eguneko ekitaldi eskaintzaren berri web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue. Sarrerak behar dituzten ekitaldietarako txartelak, aldiz, usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko dituzue.