"Beste bat gehiago"

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 3a, 12:01

Martxoaren 28an hamarkada luzeetako ohitura berritu zuen herrikide talde batek; Usurbildik Arantzazurako ibilbidea oinez osatu zuten.

Tipi-tapa Usurbildik Arantzazura. Hamarkada luzeetako ohitura berritu du, ondoko irudiotako herrikide taldeak. Haiek helarazitako argazkiokin gogorarazi dutenez, "beste bat gehiago", hutsik egin gabe bete dute aurtengo erronka ere. Urtero, "Ostegun Santu" gisa izendatua dagoen udaberriko oporren lehenengo jaiegun ofizialean egiten dute 63 kilometro luze dituen txango hau, goizean goiz Mikel Laboa plazatik abiatuta. Arratsaldean, Arantzazun amaitzen dute ibilbidea. Helmugako irudian, ikurriña eta guzti dituzue aurtengo bidea martxoaren 28an osatu dutenak, aurreko edizioetan parte harturiko hainbat lagunekin batera.

Abiapuntuan, bidean zehar eta helmugan atera zituzten argazkiak dituzue NOAUA!ra helarazi dituztenak, albiste honi erantsitakoak.

Aurtengoan goiztiar egokitu dira udaberriko jaiegunok. Aldaketarik ez bada, 2025ean, apirilaren 17an egokituko da Arantzazura oinez joateko ohitura hau berritzeko eguna.