Hainbat garaipen etxeko pilotarientzat

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 3a, 09:33

Hainbat garaipen erdietsi dituzte herriko pilotariek azken asteotan.

Euskal Pilota Egokituko txapeldun
Pagazpe txapeldun Euskal Pilota Egokituko txapelketan. Joan den igandean, martxoaren 31n Zarauzko Aritzbatalden jokatu zen final handian nagusitu zen herriko pilota elkarteko kide Aingeru Senperena goiaztarra eta talde kide zuen Edorta de Anta lekunberriarra. Txapeldunorde amaitu zuten Beñat Lizaso usurbildarrak eta Asier Navaridas sunbildarrak. Partidako azken emaitza, 25-10 izan zen.

Adimen urritasun eta urritasun fisikoa duten pertsonen arteko goma-paleta txapelketa izan da asteotan jokatu dena. Martxoaren 10ean jokatu zuten final handirako sailkapena Senperenak eta Lizasok Donostiako Atano III frontoian eta hortik zuzenean igaro ziren pasa den igandeko Zarauzko final handira.


Lizaso Gipuzkoako txapeldun
Zarauzko finalaren aurretik, astebete lehenago, martxoaren 23an, Euskal Pilota Egokituko 15. Gipuzkoako Txapelketako buruz buruzko finalak jokatu zituzten Oñatin. Parte hartzaileen artean zen Beñat Lizaso usurbildarra. Gurpildun aulkiko gomazko paleta txapelketako lehian nagusitu zen Kemen taldeko kide usurbildarra; 15-7 irabazi zion Asier Navaridasi. 

Banakako txapelketa amaitu ostean, binakakoari ekingo diote apirilaren 13an Azkoitian. Finalak maiatzaren 18an jokatuko dituzte Donostian.



Gipuzkoako Joko Garbi Txapelketa
Pilota munduko garaipen gehiago azken asteotan. Gipuzkoako Joko Garbi Txapelketako finalak jokatu zituzten martxoaren 9an Zubietan, lau kategoria hauetan: alebinak (Eskola Kiroleko Gipuzkoako Txapelketa), infantilak (Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa), jubenilak (Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa) eta nagusiak (Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa). 

Honatx emaitzak: 

Joko Garbi, alebinak (Eskola Kiroleko Gipuzkoako Txapelketa):
BEHAR ZANA 2 (Xuban Artola-Oier Diguez-Ekhi Garmendia) 34
ZUBIETA 2 (Anetz Larrarte-Aitor Ormazabal) 40

Joko Garbi, infantilak (Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa):
TXOST 3 (Haritz Aranburu-Manex Argarate) 36
TXOST 1 (Lander Gelbentzu-Aiur Otxoa de Alaiza) 40

Joko Garbi, jubenilak (Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa):
BEHAR ZANA (Asier Aranburu-Pello Aranburu) 40
ZUBIETA 1 (Xuban Urdalleta-Aitor Zabaleta) 21

Joko Garbi, nagusiak (Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa):
TXOST (Peio Etchelecu-Txomin Nazabal) 40
ZUBIETA 1 (Josu Aizpurua-Ugaitz Rezola) 39