"Bat egin harpa-jotzaile komunitatearekin!". Hortxe geure aisialdi tarterako Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak egindako gonbita. Izan ere, EITB Podkast atariko "Harpa Jotzen" poZkastaren bigarren denboraldia estreinatu dute udaberriko opor hauetan. Iazko lehen zortzi atalei segida emanez, Ana Goitia eta Antton Telleria gonbidatu dituzte, bederatzigarren eta hamargarren ataletara hurrenez hurren. Kirol kontuak hartu dituzte ahotan Telleriarekin astelehen honetan bertan estreinatu duten azken atalean. "Idoiak eta Mirarik Kiroldegiko kuotak ordaintzen ote dituzte? Zer janzten dute kirola egiteko? Zein herri-kirol egingo lukete? Gai honetan sakontzeko Antton Telleria umoregile eta aurkezlea gonbidatu dute, eta galdera xelebreak egin dizkiote".
Ezkontza izan zuten hizpide Ana Goitiarekin "eta instituzio sozial honen zirrikituak aztertu dituzte. Modan daude? Gehiegi jaten dugu ezkontzetan? Nola jantzi behar da? Ana Goitia aurkezlea eta modan aditua gonbidatu dute bere ezkontza nolakoa izan zen kontatzeko".
Astero gonbidatu bat, gai bat
Aurreko denboraldiaren ildo beretik, oraingo honetan ere "txoko honetan Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek txorakeriak eta fundamentu gabeko gauzei tartea eskaintzen diete". Astero gai bat hartuko dute ahotan gonbidatu ezagunekin bigarren denboraldi honetan ere. Bi atal estreinatu dituzte, beste zortzi plazaratuko dituzte datozen astelehenetan. Hirudamatxok ekoitzitako saioko gonbidatuen artean, iragarri dutenez, herrikide bat izango dute; Lur Errekondo.
Bi atalok, lehen denboraldiko gainerako saioak eta aurrerantzean astelehenero estreinatuko dituztenak entzungai izango dituzue eitb.eus/eitbpodkast atarian.