Mugikortasuna eta turismoa hizpide, Udalaren eta Foru Aldundiaren bileran

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 4a, 08:25

Lurraldebus eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoa hartu zituzten ahotan Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamenduko buru Azahara Dominguezek iragan astean eginiko bileran.

Legealdi honi dagokion lehen bilera egin dute Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamenduak, xede nagusi batekin, Diputaziotik jakinarazi dutenez; "erakundeen arteko lankidetzan aurrera egiteko".

Usurbilgo turismo eskaintza eta mugikortasun gaiak izan zituzten hizpide alkate Agurtzane Solaberrietak eta aipatu departamenduko buru Azahara Dominguezek iragan martxoaren 26an. Mugikortasun gaiei dagokienean, Lurraldebus hartu zuten ahotan. Autobus zerbitzua erabiltzaileen beharretara moldatzea galdegin zuen Solaberrietak. Horretarako, "lineen ibilbideak egokitzeko eta udalerrian dauden geltoki batzuen aldaketak" eskatu zituen. Gai hau aztertzeko konpromisoa hartu zuen Foru Aldundiko ordezkariak.

Bestalde, Usurbilgo turismo eskaintza, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoa ere ahotan hartu zuten bi erakundeon arteko bileran. Proiektu honen baitan abian diren ekimenetako bat "Usurbil Museo Irekia" dugu, herri honetako kaleetan dugun kultur sorkuntzaren ezagutza sustatzen duten bisita gidatuak hain zuzen. Egitasmo honen eta orohar, udalerri hau bultzatzen ari den bestelako turismo eredu honen harira bideratuko diren ekimenak sustatzen laguntzeko konpromisoa hartu zuen Foru Aldundiko diputatuak.


"Usurbil Museo Irekia"
Aipatu bisita gidatuok segida izango dute apirilean ere. Guztiek osagai berezi bat izango dute. Apirilaren 12an inauguratu eta hilaren 28ra arte Sutegin ikusgai izango den "Zumetaren Usurbil" erakusketan geldialdia egingo dute.

Apirilak 12, ostirala
18:00 "Zumetaren Usurbil" erakusketaren irekiera Sutegiko erakustaretoan. Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga ekimenak borobiltzeko, artista usurbildarraren eta herri honen lotura artistikoan sakontzen duen erakusketa zabalduko dute. Apirilaren 28ra arte ordutegi honetan bisitatu ahalko da:
Astelehenetan: 17:00-20:00.
Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 17:00-20:00.
Larunbatak eta igandeak: 11:30-14:00 eta 17:00-20:00.
Antolatzaileak:
Zumeta Arte Estudioa, 650 Usurbil Bizi eta Usurbilgo Udala.

Apirilak 14, 20, 28 
12:00-13:00 "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuak.
Izen-ematea:  650usurbilbizi.eus