Baso-sute arriskuagatik eta haizeagatik abisu horian asteburuan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 4a, 07:51

Gauerditik aurrera, baso-sute arriskuagatik eta haizeagatik abisu horian izango gara. Uda giro beteko egunak datozkigu.

Negu girotik udatiarragoa izango den asteburura igaroko gara. Giro eguzkitsua izango dugu eta tenperaturak nabarmen egingo du gorantz egunotan. Ostegun honetan, 22 gradu izan ditzakegu bazkalostean, 24 gradu ostiral arratsaldean eta 28 gradu larunbat arratsaldean. Gauez ere ez du asko freskatuko. Izan ere, ostiral goizaldean 17 graduren bueltako tenperatura izan dezakegu, baina larunbat goizalderako 22-24 graduko tenperatura izan dezakegula ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Bero egunon harira, gainera, bi abisu hori izango dira indarrean Euskalmet-ek jakinarazi duenez. Ostegun gauerdi honetatik aurrera, baso-sute arriskuagatik abisu horian izango gara larunbat iluntzeko 21:00ak arte. "Baso-sute arriskua nahiko altua da, hegoaldeko haizearen intentsitateagatik eta tenperatura altuagatik", berri eman du aipatu meteorologia agentziak. Horrez gain, haizeagatik ere abisu horia izango da indarrean haizeguneetan, ostiral iluntzeko 21:00etan hasi eta larunbat eguerdiko 12:00ak arte. "Hego-ekialdeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki ekialdeko mendi inguruetan". Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, "60-80 km/h ingurukoak izan daitezke".

Ostegun honi dagokionean, beraz, Usurbilen, "giro eguzkitsua" izango dugu. Euskalmet-en arabera, "erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuk agertuko dira. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean brisa ibil daiteke. Tenperatura nahikoa igoko da". Berdintsu bihar ere. Ostiralean, "giro eguzkitsua, tarteka hodeitsu erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; azken orduetan haizea indartu egingo da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da". Larunbatean, "goizean goiz giroa eguzkitsua izango da. Gero hodeiak ugarituz joango dira eta azken orduetan euritara jo dezake. Hego-haizea, bolada gogorrekin; arratsaldean iparraldera aldatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Egunotarako eguraldi iragarpenari buruzko informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.