Ia 600 lasterkarirekin, parte hartze marka hautsita amaitu zuten iazko ekainean 3. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa. "Gaur garailerik bada, hori elkartasuna da, herri elkartasuna", zioten antolatzaileek ekimenaren amaierako frontoiko ekitaldian. Horretan jarraitzeko deia egin zuten, "horrela herri hobegoa izango dugulako". Ekimenaren amaieran berri eman zutenez, gainera, "boluntarioz osatutako talde batek Uxue Lagunak Elkartea sortu zuen, bide honetan aurrera egin eta ikerketarako dirua biltzeko ekitaldiak antolatzeko".
Bueltan datoz, urtebeteren buruan. Ekainaren 16rako antolatu dute 4. Uxue Trail Mendi Lasterketa solidarioa. Andatzara joan-etorria lasterka egitea sustatzen duen elkartasun ekimen honen xedea, gogoan izan, "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa" ezagutaraztea da eta haren ikerketarako laguntza biltzea. Horregatik, aurtengoan ere, "bai korrika bai dortsal solidarioaren bidez, ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu" egin digute gonbita antolatzaileek.
Distantzia ezberdinetako hiru lasterketa iragarri dituzte iaz bezala, baita lasterka aritu beharrik izan gabe, diru ekarpena egiten nahi dutenentzako dortsal solidarioa. Batzuentzat zein besteentzat, ekainaren 16ko elkartasun ekimenerako izen-emateko epea zabalik dute dagoeneko.
4. Uxue Trail Mendi Lasterketa
Eguna: ekainak 16, igandea.
Ordua: 9:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Lasterketa motak:
-Uxue Trail Luzea (20 kilometro): 25 euro.
-Uxue Trail Motza (11,5 kilometro): 15 euro.
-Uxue Paseoa (5,5 kilometro): 12 euro.
-Dortsal solidarioa (donazioa).
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte hartzaileen artean.
Izen-ematea eta informazio gehiago hemen: rockthesport.com
Phelan-McDermid sindromeari buruzko informazio gehiago hemen: 22q13.org.es
Izen-emateko epea: ekainaren 14ko gaueko 22:00ak arte (egunean bertan, izen-ematea 5 euro garestiago).