Duela bi urte gironarrekin egin zuten moduan, Jacako musika eskolakoekin trukaketa egingo du Zumarte Musika Eskolak estreinatu berri dugun hilabete honetan. Jacakoak datoz lehenbizi gure artera egunotan eta aurrerago, Usurbilgoak izango dira Aragoi aldera joango direnak, apirilaren 19tik 21erako asteburuan hain zuzen.
Jacakoak gure artean egongo diren asteburu honi begira, jendaurreko hitzordu bat iragarri du Zumarte Musika Eskolak. Izan ere, larunbaterako, apirilaren 6rako, emanaldi bateratua iragarri dute bi udalerriotako eskoletako abesbatzek, arratsaldeko 19:00etan hasita Salbatore elizan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, "kontzertua eskainiko dute Jacako Albae Voces eta Grupo Vocal Algarabia abesbatzak eta Zumarte-Txiki /Gazte eta Helduen abesbatzak".
Ekitaldira joateko gonbita egin dute Zumartetik. "Kontzertu honetara etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, etorri zaitezte Jacako abesbatzak ezagutu eta elkarlanean egindako kontzertu honetaz gozatzera!!".
Oporretan
Asteburu honen ondotik itzuliko dira Zumartekoak ohiko jardunera. Izan ere, bai aurreko astean baita egunotan ere oporretan dira. Datorren astelehenean, apirilaren 8an itzuliko dira eguneroko martxara.