#A21

Kanpaina abian

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 5a, 12:09

Gauerdian abiatu da ofizialki, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina. Lerrootan kontuan hartzeko zenbait ohar dituzue.

Gauerdiaz geroztik, eragile politikoek herritarren botoa eskatzeko epea zabaldu da; abian da ofizialki, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begirako bi asteko kanpaina. Hilaren 19ra arte, bitarteko ezberdinen bidez, herritarren atxikimendua eskuratzen ahaleginduko dira hitzordu honetara aurkeztu diren hautagaiak. 

Usurbilen, kanpaina giroan murgildu garela adierazten duen ohiko irudia duzue albiste honi atxikia. Udalak egokitu ditu ohiko tokietan, Usurbilgo herri eta auzoetan, eragile politikoek kanpainarako balia ditzaketen panelak. 

Gipuzkoako ordezkaritza jokoan
Hauteskunde kanpaina honetan murgilduak daude gaurtik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerriak. Izan ere, hiru lurraldeok ordezkatzen dituen Eusko Legebiltzarra berrituko da apirilaren 21eko hauteskundeetako emaitzetatik. 75 legebiltzarkideez osaturikoa da erakunde hori. Ordezkari kopuru bera du lurralde bakoitzak Gasteizko parlamentuan. Honenbestez, 25 legebiltzarkideek ordezkatuko dute Gipuzkoa eta hauek hautatzen laguntzeko aukera izango dute usurbildarrek hilaren 21ean.

Posta bidezko botoa
Apirilaren 21ean izango dira hauteskundeak eta egun horretan botoa emateko aukera izango da bai, edo lehenago. Izan ere, zabalik da duela hilabete baino gehiagotik posta bidez botoa ematea galdegiteko epea. Interesdunek hilaren 11ra arteko epea izango dute eskabide hau bideratzeko. "Euskadin bizi diren edo aldi baterako Estatuan edo atzerrian bizi diren pertsonek" eskatu ahalko dute Correoseko bulegoan edota online correos.es bidez.

Jada eskaera egin dutenek egunotan jasoko dute datozen hauteskundeotan modu horretan parte hartzeko beharrezko dokumentazioa, baita datozen egunotan egindakoek ere, denek apirilaren 14a baino lehen. Baliabideok jaso ahala, dokumentazioa eta botoa Correoseko bulegoan aurkezteko apirilaren 17ra arteko epea izango dute eskaera egin dutenek.

Mahaikideak hautatuak
Gogoan izan, bestalde, iragan martxoaren 21ean eginiko ezohiko osoko bilkuran egin zuten hauteskunde egunean lan egitea egokituko zaien herrikideak hautatzeko zozketa. Guztira, 72 herritar aukeratu zituzten, nahiz haietatik 24 izango diren azkenean, mahaietan lanean jardun beharko duten kideak. Hilaren 21ean mahaian egotea egokitu zaionari, adi data hauei:
-Martxoak 23-apirilak 6: mahaiko kideek Eskualdeko Hauteskunde Batzordean mahaietako kide ez izateko alegazioak aurkezteko aukera.
-Martxoak 23-apirilak 11: Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak ebaztea, eta hala badagokio, ordezkapena jakinaraztea lehen ordezkoari.
-Apirilak 5-21: mahaikideek Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraztea ezin direla kargua betetzera joan.
-Apirilak 21: hauteskunde eguna. 8:00etarako egon beharko du mahaikide bakoitzak dagokion hauteslekuan mahaien osaketarako. Aurrez, bilera deituko du Udalak mahaikideei beharrezko argibideak emateko.