Gauerdiaz geroztik abisu horian gara baso-sute arriskuagatik eta hala jarraituko dugu larunbat iluntzeko 21:00ak arte. "Baso-sute arriskua nahiko altua da, hegoaldeko haizeagatik eta tenperatura altuagatik", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Horrez gain, abisu horian izango gara baita haizeagatik ere ostiral iluntzeko 21:00etan hasi eta larunbat eguerdiko 12:00ak arte; haizeguneetan, 100 kilometro ordutik gorako boladak izan ditzakegu, 80 kilometro ordutik gorakoak.
Uda giro beteko asteburua izango dugula iragarri du, gainera, Euskalmet-ek. Ostiral honetan, apirilaren 5ean, 25 gradurainoko tenperatura izan dezakegu, 28 gradurainokoa larunbatean. Igandean freskatuko du, 20-21 graduko tenperatura epela izango omen dugu, aipatu meteorologia agentziaren arabera.
Izango du bestelako berezitasunik ere asteburu honek. Hain zuzen, hegoaldeko haizeak Sahara aldetik hautsa ekarriko omen du eta, honenbestez, hauts geruza lodi baten azpian egongo gara asteburuan.
Astebururako iragarpena
Ostiral honetan, apirilaren 5ean, beraz, Usurbilen, "giro eguzkitsua" izango dugu, "tarteka hodeitsu erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin, batez ere goizean. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; azken orduetan haizea indartu egingo da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".
Larunbatean, "goizean goiz giroa eguzkitsua izango da. Gero hodeiak ugarituz joango dira eta azken orduetan euritara jo lezake. Hego-haizea, bolada gogorrekin; arratsaldean iparraldera aldatuko da. Tenperatura minimoak jaitsiko dira, azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Aldaketa igandean. "Zerua oso hodeitsu egongo da eta arratsalde-gau partean zaparradak botako ditu noizbehinka. Goizean goiz hego-haizea ibiliko da, gainerako orduetan iparraldeko haizea izango da nagusi. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak asko jaitsiko dira".
Asteburuko eguraldi iragarpenari buruzko informazio eguneratuaren berri, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.