Osoko bilkura

Añarbeko Uren Mankomunitateko saneamendu sareen arteko mugaketa onartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 8a, 10:18

Añarbeko Uren Mankomunitatearen goiko eta beheko-saneamendu sareen arteko mugaketa eta "beheko saneamendu-sarearen harrera" bideratzea onartu zuen udalbatzak martxoaren 21eko osoko bilkuran.

Añarbeko Uren Mankomunitatetik eginiko proposamenari bide eman zion udalbatzak martxoaren 21ean eginiko azkeneko osoko bilkuran, "Mankomunitatearen goiko saneamendu-sarea eta Mankomunitatea osatzen duten hamar udalen beheko saneamendu-sarea" bereiziko dituen Añarberen mugaketa onartzea hain zuzen, eta, horrekin batera, "Mankomunitateak egindako beheko saneamendu-sarearen harrera onestea ere". Udal gobernu taldetik berri eman zutenez, horrek kostu bat dakar; hasierako inbertsio bat egin beharra eta gero urteroko mantenu kostua.

Horrekin batera, erabaki horrekin, Usurbilgo Udaleko alkatea onartutako mugaketa gauzatzeko ahalmendu zuten, "mugaketaren xede diren saneamendu-azpiegituren transferentziak onartzeko edo Usurbilgo Udalak jasotzen dituen azpiegituren gainean behar den edozein dokumentu sinatu ahal izan dezan (hitzarmenak, entrega-aktak, harrera-aktak, eta abar). Era berean, ahalmena emango zaio alkateari azpiegitura horiei lotutako harreman juridikoak eta eskubideak lagatzeko eta onartzeko (emakidak edo baimenak, desjabetzeak, eta abar), eta, horren ondoren, mugaketaren azken emaitza Usurbilgo Udaleko Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio".

Erabaki hau, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, 60 egun balioduneko epean jendaurrean jarriko dute.

Aurrekariak
Erabaki honen aurrekariak duela lau urtetik datoz. Izan ere, "2020ko ekainaren 5ean egindako bilkuran, Añarbeko Uren Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu zuen, besteak beste, Mankomunitatearen eta hura osatzen duten hamar udalerrien arteko goiko eta beheko saneamendu-sareen mugaketa-espedientea hasteko erabakia". Alegazioak aurkeztu zizkioten mankomunitateko kide diren udalerriok; Usurbilek, Astigarragak, Donostiak, Lasarte-Oriak eta Urnietak.

"Añarbeko Uren Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeak, 2021eko maiatzaren 7an egindako bilkuran, aho batez ere onartu zuen, besteak beste, egindako alegazioei erantzutea txosten teknikoan ezarritako moduan eta baldintzetan. Erabaki hori hartzeko Mankomunitateak aintzat hartu zituen mankomunitatearen goiko saneamendu-sarea eta toki-erakunde hori osatzen duten hamar udalerrien arteko behe saneamendu-sarea mugatzeko proposamen-erabakian ezarritako modua zein baldintzak. Erabaki hori Usurbilgo Udaleko erregistro orokorrean sartu zen 2021eko urriaren 27an".