Herritarrei eskaintzen dien arreta zerbitzua indartuko du gaurtik Udalak

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 8a, 10:57

Tramiteak erraztu edota jendaurreko zerbitzua hobetzeko zenbait neurri jarriko ditu indarrean gaurtik Usurbilgo Udalak.

Aldaketa eguna gaur Usurbilgo Udalean; udal langileek nahiz gaurtik udaletxera joandako herrikideek nabarituko dute hobekuntzarik, astelehen honetatik, apirilaren 8tik aurrera. Izan ere, erakunde honek herritarrei egunerokoan eskaintzen dien arreta zerbitzua indartuko du. Hobekuntza hauen onura ez dute soilik herritarrek sumatuko halere, "udal-langileek barruko lanak egiteko berariazko denbora izatea ere bada neurrion helburua".

Udaletik berri eman dutenez, hiru izango dira nagusiki txertatuko dituzten aldaketak; "aurrez aurreko arreta ordutegia ezarriko da, telefonoetako luzapenak jarriko dira martxan eta zenbait tramite egin ahal izateko makina jarriko da atarian". Lerrootan duzue Udaletik iragarritako aldaketa hauen guztien berri zehatzago.


Aurrez aurreko ordutegia
Udal zerbitzuetarako ordutegi zehatza finkatuko dute herritarren arretarako astelehen honetatik aurrera, udal langileek "zenbaitetan, barruko lanak egin ezinda ibiltzen dira" eta, Udaletik jakinarazi dutenez. Udal zerbitzu guztietako ordutegiak bateratzen ahalegindu dira. Hobekuntza honekin, beraz, herritarrei eskaintzen dieten arreta eta barruko lanak egokiago uztartzea sustatu nahi dute:

Udaletxea (harrera, kontu hartzailetza, atez ateko bulegoa, hitzorduak):
Aurrez aurreko arreta: 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.

Potxoenea:
Aurrez aurreko arreta, orain artekoa: 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera. "Giltza behar izatekotan, aurrez aurreko arretaren ordutegi horretan joan beharko da", ohartarazi du Udalak.

Gizarte Zerbitzuak:
Aurrez aurreko arreta: 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, asteazkenetan izan ezik (asteazkenetan herritarrentzako itxita egongo da, eta ez da aurrez aurreko arretarik izango).

Berdintasun eta Aniztasun sailak: 
Pelaioenean kokatuta dituzte dagoeneko. Honakoa izango da aurrez aurreko arretaren ordutegia:
Astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 13:00etara.
Astearte eta ostegunetan, arratsaldez ere bai: 17:00etatik 20:00etara.

Oiardo kiroldegia:
Orain arteko ordutegia izango du:
Urtarriletik ekainera eta irailetik abendura:
Lanegunak: 07:00-22:00 (igerilekua 21:45).
Larunbatak: 09:00-21:30 (igerilekua 21:15).
Igande eta jai egunak: 09:00-13:30 (igerilekua 13:15).

Uztailean eta abuztuan:
Lanegunak: 07:00-20:15 (igerilekua 20:00).
Larunbat, igande eta jai egunak: 09:00-13:00 (igerilekua 12:45).

Sutegi udal liburutegia:
Orain arteko ordutegia izango du:
Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 / 16:00-19:30.
Larunbatak: 10:00-13:00.


Atariko makina
Tramiteak egitea errazteko aukera berri bat ere martxan jarriko du gaurtik Usurbilgo Udalak; sarreran jarritako makina baliatzeko aukera izango da. Bertan, tramiteak nork bere kontutik egin ahalko ditu. "Hasieran, errolda agiria atera eta zenbait ordainketa egiteko aukera emango du, eta, pixkanaka, funtzio gehiago instalatu eta zerbitzu zabalagoa eskainiko du", iragarri dute Usurbilgo Udaletik. Makina erabiltzeko ordutegia Udaltzaingoak duen bera izango da: astelehenetik ostiralera 07:30etik 21:00etara eta larunbatetan, 09:00etatik 21:00etara. 


Telefonoetako luzapenak
Orain arte, udaletxeko telefono zenbaki nagusira (943 371 951 telefono zenbakira) deitu izan duenak, beti harreran hartu izan diote deia. Baina Udaletik azaldu duten moduan, "harrerako langileak herritarren bat artatzen ari badira, ezin izaten dute telefonoa hartu. Hori dela eta, herritarrak, maiz, telefonoz deitu eta erantzunik ez dutela jasotzen kexatzen dira".

Konponbide gisa, gaurtik, "telefonoz deitzen duenari aukera eskainiko zaio udaleko zein sailekin hitz egin nahi duen hauta dezan; hala ere harrerako langileekin hitz egin nahi dutenei ere horretarako aukera emango zaie".

Hori udaletxeko eraikinean kokatuak dauden zerbitzuei dagokienean. Izan ere, handik kanpo, beste eraikinetan dauden zerbitzuekin hartuemanetan jartzeko orain arteko telefono zenbakietara hots egin beharko da:
Udaltzaingoa: 943 36 11 12.
Potxoenea: 943 37 19 99.
Pelaioenea: 943 37 71 12.
Sutegi liburutegia: 943 36 06 92.
Kiroldegia: 943 37 24 98.