Maiatzaren 10ean irekiko dute Txirikorda

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 8a, 10:22

Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa festa giroan irekiko dute, bizilagunak bertan direla, maiatzaren 10ean.

Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan mugimendua nabari da. Usurbilgo Udalak igaro berri ditugun oporren aurretik berri eman zuenez, "Txirikordako bizilagunek datozen egunetan sinatuko dituzte alokairu kontratuak". Mudantza lanei ekiteko giltzak, lehenago, hilabete hasieran jaso zituzten. 

Bizilagunak bertan izanda, irekiera ekitaldi ofiziala egiteko unea helduko da. Hauteskundeak tarteko, aurreikusi baino beranduago egingo da, maiatzaren 10erako finkatu dute jai giroko inaugurazioa. "Maiatzaren 10ean izango da Txirikordaren irekiera, arratsaldez, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte festara". Ordurako hilabete inguru bizitzen izango dira lehenengo bizilagunak. 

Hamahiru etxebizitzetan
Gogoan izan, Murias enpresari egitea zegozkion lanak amaitu gabe utzi izanaren ondorioz, urtebete atzeratu dela irekiera hau. Txirikordan bi adin tarteetako herrikideak elkarbiziko dira; 18-30 urte artekoak eta 65 urtetik gorakoak. Guztira, hamasei etxebizitza ditu eraikinak baina hasiera batean hamahiru izango dira bizilagunek okupatuko dituztenak, Udaletik zehaztu dutenez, gainerako hirurak erreserban utziko dira. Hamahiru horietatik gehienetan 18-30 urte artekoak biziko dira. Izan ere, 65 urtetik gorakoen artean eskaera gutxiago izan dira. "Helduei zuzendua zen etxebizitza bat gazteei esleitu zaie", berri eman du Usurbilgo Udalak. 

Guztira hamasei bizilagun izango ditu Txirikordak. Izenpetu dituzten kontratuek bost urteko iraupena izango dute. Gazteen kasuan ez dira gehiago luzatuko; 65 urtetik gorakoen kasuan, aldiz, "gizarte zerbitzuek baloratuko dute kontratua luzatzeko baldintzak betetzen diren".

Bizikidetza araudia
Urteetako lanketa prozesuaren emaitza da egitasmo hau. Emandako azken urratsetako bat, bizilagunon bizikidetza araudiaren onarpena izan zen urte hasieran. Hala, eguneroko bizikidetza eta Txirikordako barne funtzionamendua arautuko duena, Txirikorda Komunitateko Asanblada izango da. "Bizilagun guztiek osatuko dute, komunitatearen antolaketaren oinarria izango da, eta egin beharreko komunitate-jarduera kolektiboei buruz erabakiko du, bai barrukoei buruz, bai kanpokoei buruz". Barne araudi bat ere diseinatuko dute. Bertan "ezarriko dira egoiliarrek komunitatearekin dituzten eskubideak eta betebeharrak, bizikidetza-arauak eta Txirikorda eraikinaren espazioen oinarrizko funtzionamendua".      

Aurreikusten duenez, gainera, "Udalak bidelagun bat jarriko du komunitatearen osaketan laguntzeko" eta, gerora, "Udalak beharrezkoa dela ikusten duen aldiro, beti ere bizilagunek autoeratzeko duten eskubide eta betebeharrari kalterik egin gabe. Bidelagunak talde dinamikak sustatuko ditu biztanleak bizitza komunitarioan ahalduntze bidean".  Halere, Udalaren "esku-hartzea ahalik eta txikiena izango da eta komunitatea osatu eta garatzeko egin beharretan laguntzera bideratuko da, komunitatearekin berarekin koordinatuta".

Denboraren bankua
Komunitateak Txirikorda egitasmoko balioak barneratuko ditu; "besteak beste, zaintza, elkartasuna, justizia soziala, errespetua, autogestioa eta komunitatea". Horrekin batera, zenbait betekizun izango ditu. "Lan komunitarioak barne eta kanpo-mailan eskaini eta jasoko dituzte denboraren bankuaren bitartez. Eskaini beharreko denbora, eremu horien kudeaketarekin eta itzulketa sozialarekin loturik egongo dira: jarduerak, asanbladak, elkar-zaintza, formakuntzak, ekitaldiak, herrigintza eta abar".

Bizilagun bakoitzak gutxienez hilabetean zortzi ordu eskaini beharko dizkie lan komunitarioei. Komunitatea izango da hortik aurrera, orduak autoerregulatuko dituena. Hiru ordu komunitario mota finkatuak ditu araudiak: Txirikordako barne-funtzionamenduari lotutakoak, komunitateko kideen artean elkar laguntzara bideraturikoak eta Usurbilgo herri komunitateari eskainitakoak.

Erabilera anitzeko espazioa
Txirikordak erabilera anitzeko espazio bat izango du. Bertan bizi direnen, Udalak edota herri eragileek baliatu ahalko dute. "Espazio publiko honen erabilera Txirikordako Komunitateak Udalarekin adostuko du, Txirikordako Komunitateko ordezkariaren bitartez. Txirikorda Komunitatearen esku egongo da espazio honen kudeaketa eta Barne Araudian egongo dira txertatuta espazioa erabiltzeko irizpideak", dio belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren bizikidetzari lotutako araudiak.

Aipaturiko xehetasun guztiok eta behin betiko onarturiko erregelamenduan, "Txirikordako funtzionamenduko Barne Araudian eta etxebizitza sozialei buruzko araudi nagusian zehaztutako baldintzak ez betetzeak, Udala eta errentariaren arteko kontratua bertan behera uztea ekar dezake". Hiru mailatako arau hausteak zehaztu ditu araudiak; "arinak, larriak edo oso larriak".

Informazio gehiago, urtarrilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso dezakezue.