Hauts geruza lodi baten azpian izan gara asteburuan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 8a, 08:13

Afrika aldetik heldutako hauts geruza edo laino lodien azpian izan gara asteburuan.

Baso-sute arriskuagatik eta haizeagatik abisu horian izan gara uda giroan joan zaigun asteburuan. Bero eginagatik, ordea, ez dira egun eguzkitsuak izan. Hain zuzen, zerua gris eta halako laino lodi baten azpian joan zaizkigu azken orduak. Izan ere,  iberiar penintsula hegoaldetik iparralderaino zeharkaturiko Afrika aldeko hautsa gure arteraino heldu da. Hauts geruza lodi baten azpian izan gara larunbat eta igandean. Horrek, bistan denez, ikusgarritasuna murriztu eta airearen kalitatea baldintzatu du.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako airearen kalitatea zertan den jakinarazteko jarriak dituen neurgailuek antzeman dute fenomeno hau. Jaurlaritzak berak asteburuan zehar ohartarazi duenez, "airearen kalitatea iragartzeko ereduen arabera, apirilaren 6an partikulen kontzentrazioa (PM10 eta PM2,5) areagotu egingo dela aurreikusten da, Saharako hautsa sartu dela eta. Apirilaren 7an, igandea, PM10 eta PM2,5 partikulen balio altuak mantenduko dira arratsalde erdira arte, bertan iparraldeko haizeak sartuko direla aurreikusten baita".

Desegiten
Udalerri honetan, bi estazio ditu jarriak Jaurlaritzak; bat Zubietan, errebote plazaren atzean, bestea Udarregi ikastolaren Agerialdeko eraikinaren ondoan. Bietan, aipatu PM10 eta PM2,5 partikulen areagotzea gertatu dela berri eman du Jaurlaritzak. Grafiko bidez ikus dezakezue euskadi.eus atarian. Zubietakoan, aipatu bi parametro horien ikuspegitik airearen kalitatea ona da, Ingurumen Sailak neurtutako gainerako parametroen ikuspegitik oso ona. Agerialdeko estazioa airearen kalitatea erregularra dela ohartarazten ari da oraindik astelehen goiz honetan, asteburuan zehar gertatu den moduan, PM10 partikulengatik. PM2,5 partikulei dagokienean, airearen kalitatea ona da, gainerako parametroen arabera, oso ona.

Datozen orduotan, hauts geruza honen eragina desegiten joango dela ohartarazi dute. Izan ere, eguraldi iragarpenaren arabera, asteburuan izan dugun giroa aldatu egingo da. Astelehen eguerditik aurrera Usurbilen, "zerua hodeitsu geratuko da eta arratsaldetik aurrera euria egingo du. Goizean hego-haizea ibiliko da, gero ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira; azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Asteartean, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsi eta maximoak asko jaitsiko dira".

Asteazkenean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Ipar-haizea nagusi, batez ere arratsaldean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak nahikoa igoko dira".