#A21

Hauteskunde giro betean

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 8a, 09:42

Datozen hauteskundeei begirako zenbait deialdi dituzue lerrootan.

Apirilaren 21erako deituak dauden Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak gerturatu ahala, ugaritzen doaz hitzordu honi begirako deialdi eta jakinarazpenak. Astelehen honetako, apirilaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak ohartarazi duenez, behin betiko eratu dira bai Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea baita herrialde hau alor honetan egituratuko duten lau eskualdeetakoak ere; tartean, Usurbil barne hartzen duen Donostiako Eskualdeko Hauteskunde Batzordea.

EHBilduren ekitaldia
Gogoan izan, ostiralaz geroztik hauteskunde kanpaina betean izango gara hilaren 19ra arte. Dagoeneko kanpainako lehenengo deialdiak ezagutarazten hasiak dira. Usurbilgo EHBilduk iragan ostiralean kartelak itsasteko bira egin zuen herrian barrena. Datorren ostiralerako, hilaren 12rako, ekitaldia deitu dute arratsaldeko 19:30etan Mikel Laboa plazan.

Posta bidezko botoa
Apirilaren 21ean izango dira hauteskundeak eta egun horretan botoa emateko aukera izango da bai, edo lehenago. Izan ere, zabalik da duela hilabete baino gehiagotik posta bidez botoa ematea galdegiteko epea. Interesdunek ostegunera arteko, hilaren 11ra arteko epea izango dute eskabide hau bideratzeko. "Euskadin bizi diren edo aldi baterako Estatuan edo atzerrian bizi diren pertsonek" eskatu ahalko dute Correoseko bulegoan edota online correos.es bidez.

Jada eskaera egin dutenek egunotan jasoko dute datozen hauteskundeotan modu horretan parte hartzeko beharrezko dokumentazioa, baita datozen egunotan egindakoek ere, denek apirilaren 14a baino lehen. Baliabideok jaso ahala, dokumentazioa eta botoa Correoseko bulegoan aurkezteko apirilaren 17ra arteko epea izango dute eskaera egin dutenek.