Zubietako erraustegia

Argibide eske Batzar Nagusietan, Zubietatik Nafarroara bidalitako lixibiatuen inguruan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 9a, 12:01

Gipuzkoako Batzar Nagusietako azken osoko bilkuran hizpide izan zuten Zubietatik Nafarroara bidalitako lixibiatuen gaia. EHBilduk horri buruz itaundu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu eta GHK-ren lehendakari Jose Ignacio Asensio.

Zubietako hondakinen tratamenduen eremutik Artaxoara bidalitako lixibiatuek zeresana ematen jarraitzen dute. Gogoan izan, urte amaieran Euskal Herria Bilduko parlamentarien galdera baten harira, Nafarroako Gobernuak baieztatu zuenez, Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoa udalerrian kokaturiko Ecofert Sansoain SM enpresara hondakinak garraiatu dituzte bertan kudeatzeko eta hondakinok "kode okerra" zutela zioen Jose Maria Aierdik (Geroa Bai) gobernu horretako ingurumen kontseilariak. Zubietako erraustegian kode horretako hondakinak ekoizteko baimenik ez zuela zioen. Hondakinon jatorri eta ezaugarriak aztertzeko espedientea ere zabaldu zuen Nafarroako Gobernuak. 

Urte hasieran jakin zenez, bestalde, Zubietako erraustegiko hondakin lixibiatuak jasotzen aritu den Artaxoako enpresa hau kautelaz itxi egin zuen Nafarroako Gobernuko ingurumen sailak.


Gai honen harira, zenbait agerraldi izan dira azken aldian. Batetik, Nafarroako parlamentuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordera gonbidatu zuten GuraSOS iragan martxoaren 15ean, gaiari buruz bere ikuspegia eman zezan. "Erraustegi bateko lixibiatuak konpostatze planta batera eramatea oso larria da", salatu zuen Joseba Belaustegik. Aipatu elkarteko ordezkariaren esanetan, "arazo teknikoaz gain, kudeaketa zaileko arazo politikoa dago". 


Erantzukizunaz eta neurri zuzentzaileez galdezka
Handik egun gutxira, azken hilabeteotan Zubietako erraustegia hainbat alditan mintzagai izan duten Gipuzkoako Batzar Nagusietan hartu zuten ahotan gai hau. Izan ere, martxoa amaieran eginiko osoko bilkuran, Jasangarritasun Departamentuko foru-diputatu Jose Ignacio Asensiori zuzenduriko galderak egingo zizkion EHBilduk. Zehazkiago esanda, honako hiru galderok; "zein erantzunkizun du GHK-k Artaxoako plantara bidalitako lixibiatu horien inguruan? Ingurumen baimen bateratua emateko organo moduan ez al dio Eusko Jaurlaritzak GHK-ri eskatzen bidaltzen dituen hondakinen karakerizazioa? Zein neurri zuzentzaile hartu ditu GHK-k horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen?". Honatx, EHBilduren batzarkideen taldeko bozeramaile Luix Barinagarrementeriak Asensiori eginiko galderak.

Bere itaunak, abenduaren 20an Nafarroako Gobernuko landa garapen eta ingurugiro kontseilari Jose Maria Aierdik EHBilduren gai honi buruzko idatzizko galdera bati emandako erantzunaren haritik zetozela ekarri zuen gogora Batzar Nagusietako osoko bilkuran. "Erantzunean onartu zuen jakinaren gainean dagoela" Artaxoako aipatu instalakuntzan "Zubietako erraustegitik doazen hondakin likdioak jasotzen ari zirela, gaizki kodetuta. Halaber, 2024ko urtarrilaren 23an Aierdi jaunak aitortu zuen 5.563 tona ekotoxiko lixibiatu bidali zirela era ilegalean". Aldiz, oroitarazi zuenez, Zubietako eta Artaxoako enpresek "sinatutako kontratuaren arabera, 200 tonakoa izan behar zen bidalketa. Aldiz, 2022an 2.163 tonakoa izan zen eta 2023an 3.500 tonakoa izan zen bidalitako lixibiatu kopurua".

Honen aurrean, EHBilduko bozeramaileak zioenez, "egoera zalapartasua izan da, gobernatzen ari diren erakunde senidetu biren arteko kontraesan publiko nahiko nabarmena izan da. Horregatik uste dugu, puntu hau argitzea garrantzitsua izango litzatekeela".


"Bidalitako hondakinak zuzen kudeatu ziren"
Nafarroako gobernuko kontseilariaren adierazpenek sortutako "nahaste hau argitzea espero dut", erantzun zuen Asensiok. Ikertzeko "ezer ez dagoela" ziurtatu zuen, "gure aldetik behintzat ez". Are gehiago, foru diputatuaren esanetan, "ez dugu inolako zerikusirik ez Ecoferten (Artaxoako plantaren) itxierarekin ezta lixibiatuen tratamenduan ustez izandako irregulartasunekin".

Zubietatik "bidalitako hondakinak zuzen kudeatu ziren", bere esanetan, Europako zuzentarauak errespetatuta eta gai honetan eskumena dutenei "behar bezala eta garaiz jakinaraziz". Eusko Jaurlaritzari buruz ari zen, erakunde hau baita zeregin horren ardura duena.

Horrez gain, gaineratu zuenez, "Nafarroako Gobernua ez da harremanetan jarri GHKrekin gai honekin zerikusia duen ezertarako, orain arte behintzat".

Hondakin hauen garraioari dagokionean, jatorrian ez, hauen helmugan kokatu nahi izan zuen arretagunea, "Ecofert-i dagokio hondakinak egoki kudeatzea", Asensioren esanetan. "Trazabilidadean egon den kontrol falta ez da GHK-ren, ezta Foru Aldundiaren ezta diputatu honen ardura, hau denok argi izango dugula suposatzen dut. Beraz, sortu den egoera nahasi hau argitzeko ardura, destinoan eman den tratamenduarena da", foru diputatuaren arabera.

Bertan, Artaxoan egiten duten kudeaketa hartu zuen ahotan GHKren lehendakariak. "Ecofertek ez ditu Zubietako hondakinak bakarrik jasotzen, beste leku askotatik jasotzen ditu hondakinak".

Uko agertzeari
Asensioren adierazpenei erantzunez, EHBildutik gogorarazi zen, "nonbaiten okerren bat gertatu dela argi dago". Gipuzkoako Batzar Nagusietako jasangarritasun batzordean Nafarroako Gobernuko ingurumen kontseilariaren agerraldia eskatu zutela oroitarazi zuen EHBilduren bozeramaileak, baina Barinagarrementeriaren esanetan, "tamalez uko egin zion etortzeari. Gipuzkoarrek merezi dute jakitea hemen zer demontre pasa den. Gaia oso serioa da denontzat". Horregatik, gaineratu zuenez, "eskertzen dizkizugu azalpenak, baina oraindik ikusten dugu ez dagoela guztiz argi" auzi hau.

"Kudeaketa txukuna, gardena izaten ari da"
Bigarrenez hitza hartzeko izandako tartean, aldez aurretik adierazitakoa berretsi zuen Asensiok. Zubietatik irtendako "hondakinak ondo kudeatuak daude, ondo kodetuta". Erraustegitik ez, biolehortze tratamendua jasotako plantatik atera zirela argitu nahi izan zuen Asensiok. Berriz gai honen arretagunea Nafarroan kokatu nahi izan zuen. "Trazabilidade eta kontrolik ez bada, agian hori egin behar duena Nafarroako Gobernua da". EHBilduk aipatutako kontraesanei buruz gaineratu zuenez, "Aierdi jaunak esan zuen ekotoxikoak zirela hasiera batean, gero esan zuen halakorik ez zela. Hori bere kontraesanak dira, ez gureak. Berak esan beharko du zer gertatzen ari den". 

Horrez gain, Zubietako lixibiatuak Nafarroara soilik ez Bizkaiara ere bidaltzen dituztela nabarmendu nahi izan zuen GHK-ren lehendakariak. Han, ordea, "zergatik ez dago inolako arazorik, lixibiatua berdina izanik?". Berriz gogorarazi nahi izan zuenez, "kudeaketa txukuna, gardena izaten ari da eta zuen esku dago informazio osoa".

Gipuzkoako Batzar Nagusietan martxoko osoko bilkuran gai honi buruz esandakoak, erakunde honen atarian ikus ditzakezue: martxoaren 20ko osoko bilkura