Haur eskola eta Sortalde hizpide, osteguneko ezohiko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 9a, 13:32

Hiru puntuko gai-zerrenda izango dute aztergai udal ordezkariek, ostegunerako deitu duten ezohiko osoko bilkuran.

Udalbatzaren osoko bilkura hilero izaten da azken ostegunetan. Apirilekoa heldu aurretik, ezohiko izaera duen saioa deitu du Usurbilgo Udalak, ostegun honetarako, apirilaren 11rako. Ohi baino ordu erdi lehenago hasiko da, arratsaldeko 17:30etan. 

Bi gai hartuko dituzte ahotan; batetik, Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea. Komunitateak berak eraturiko kooperatiba aurkeztu zuten urte hasieran, urtarrilaren 24an Sutegin: "Sortalde, Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea Koop.S.". Aurrera begirako erronketako bat, "bazkidetza areagotzea" zela eman zuten aditzera, "lehen proiektuak martxan jarri ahal izateko". 

Sorreratik, egitasmo honen sustatzailea izan den Usurbilgo Udala Sortalderen bazkide laguntzaile izateko erabakia osteguneko ezohiko osoko bilkurara eramango dute.

Kontratazioa eta erabiltzaileen ordenantza
Horrez gain, haur eskola hartuko dute ahotan udal ordezkariek. Batetik, zerbitzu hau kontratatzeko espedientea onetsi edo ez erabaki beharko dute udal ordezkariek. Bada, Udalak hilaren 11ko osoko bilkurari begira helarazitako gai-zerrendan, Kalezarren kokaturiko zerbitzu horri lotutako bigarren gai bat; haur eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharren ordenantza ere hizpide izango dute udal taldeek, osteguneko bilkuran. 


Ezohiko osoko bilkura
Eguna: apirilak 11, osteguna.
Ordua: 17:30.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda: 
1.- Usurbilgo Haur Eskola Zerbitzua kontratatzeko espedienteari onespena ematea (2024LIRZ0001).
2.- Haur eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharren ordenantza hasieraz onartzea (2024ZZZZ0002).
3.- SORTALDE, Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea Koop.S.-ko bazkide laguntzaile egitea (2024HBES0008).
Deitzailea: Usurbilgo Udala.