"Gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzeko eskatzen jarraitu behar da"

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 10a, 08:08

Urteak daramatzate 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko galdegiten, baina urte hauetako guztietako mobilizazioren erdigunean egon den eskaera oraindik ez dela bete salatu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kide diren Gipuzkoako Pentsiodunek.

"Elma Saiz ministroa buru duen Gizarteratze eta Gizarte Segurantza Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera, aurtengo martxoan Espainiako Estatuko bataz besteko erretiro-pentsioa 1.432,8 eurokoa zen eta pentsioen bataz bestekoa 1.252 eurokoa". 

Baina datuok ez dute benetako errealitatea bere osotasunean irudikatzen. "Bataz besteko pentsioak bakarrik aipatzeak pentsioen errealitatearen irudi partziala eta interesatua sortzen du beti, pentsio horien azpitik edo oso azpitik dauden milioika pentsiodunei garrantzia kentzen edo ezkutatzen saiatzen direlako. Errealitate gordina da Espainiako Estatuan 2,14 milioi pentsiodunek -guztizkoaren bosten batek- jasotzen dituztela gutxieneko pentsioak, 1.080 eurotik beherako pentsioa dutela", pentsiodunen herri mugimendutik gogorarazi dutenez.

Aipatu kopuru hori baino dezente pentsio txikiagoa, beraz. "Adibidez, une honetan 65 urtetik gorako pentsiodun erretiratu baten kotizaziopeko gutxieneko pentsioa, ezkontidea ardurapean ez duena, hilean 783,3 eurokoa da (10.966,2 euro urtean)".


Pentsio duinak eskatzen jarraitu beharra
Etorkizunera begira, gainera, egoera okertu daitekeela ohartarazi du pentsiodunen mugimenduak. "Elma Saizek dagoeneko adierazi du hurrengo urteetarako gutxieneko pentsioak eguneratzeko bere irizpidea ez dela izango Europako Gutun Sozialak pentsioei eta LGSari lanbide arteko gutxieneko soldatei buruz emandako gomendioak erreferentziatzat hartzea, baizik eta pobreziaren kontzeptuan oinarritutako zenbateko bati buruzko estimazio bat, duintasun minimo batekin bizitzeko aukera emango duen gutxieneko pentsio baten oso azpitik egongo den zenbatekoa". 

Egoera honen aurrean, argi adierazi dute Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak: "ez dago aitzakiarik oinarrizko eskaera hori ez onartzeko; beraz, mobilizatzen eta atzerapen gehiagorik gabe gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzeko eskatzen jarraitu behar da". 

"Pentsiodunen beharrak ezin dira luzatu"
Gutxieneko pentsio duinak bermatzea zaildu dezakeen beste faktore bat ere bada; estatuko aurrekontuen luzapena. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kide duen Estatuko Pentsiodunen Ekintza Unitateak adierazi duenez, aurrekontu berririk ez onartzeak "zalantzan jar ditzake aurreikusitako igoera batzuk eta pentsioetan dagoen genero-arrakala izugarria (%30 baino gehiago) betikotzen jarraituko dute; beraz, eragin kaltegarria izango du emakumeengan eta gutxieneko pentsioetan, %6,9ko igoera ez baita nahikoa, eta miseriazko pentsioak izaten jarraitzen baitute".

Testuinguru honetan, estatuko pentsiodunen mugimendutik adierazi dutenez, "pentsiodunen beharrak ezin dira luzatu. Horiei erantzuteko borondatea badago, ziur posible dela, eta kaleetatik eta plazetatik hala eskatuko dugu". Berriki, BNG, Sumar, EHBildu, ERC eta Podemoseko talde parlamentarioekin bildu direla eman dute aditzera, "eurekin aldarrikapenak babesteko konpromiso-maila ezberdinak agertu direlarik". PSOE-ri ere egin diote biltzeko eskaera, eskaera horri "oraingoz ez dio erantzun" ordea. 

Aurrera begira iragarri dutenez, "aldarrikapenak defendatzen" jarraituko dute, "Espainiako estatuaren egoera instituzionala edozein dela ere".