2024-25 ikasturtea

Ate irekien saioa gaur Oriarten

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 10a, 08:12

Datorren ikasturtean batxilergo ikasketak egiteko aurrematrikulazio epea zabalik den honetan, ate irekien saioa antolatu dute gaurko Oriarten.

Usurbildik gertuen, batxilergo ikasketak eskaintzen dituen institutua Oriartekoa da, Lasarte-Orian kokaturikoa. Aurrematrikulazio kanpaina honen testuinguruan, ate irekien eguna iragarri dute asteazken honetarako, apirilaren 10erako, arratsaldeko 17:30etan. "Zatoz gu ezagutzera!", egin dute gonbita, oriarte.hezkuntza.net atarian zintzilikatu duten bideoaren bidez.

Oriarte, Larrekoetxe eraikinean dago kokatua. Bideotatik jar zaitezkete hartuemanetan:
Buenos Aires aldapa, 1
943 899 492
info@oriarte.eus



Aurrematrikulazio kanpaina
HH, LH eta DBH zikloetan 2024-25 ikasturterako aurrematrikulatzeko epea igaro zen. Irailetik aurrera, batxilergo ikasketak egin asmo dituztenen txanda da orain. Izan ere, aste hasieratik apirilaren 19ra zabalik izango da ikasketa hauetarako aurrematrikulatzeko epea, ikastetxe publiko nahiz itunpekoetan. Ohi bezala, bi modutan bideratu ahalko da; aurrez aurre, ikasketok egin nahi diren ikastetxera joanda edota Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak duen euskadi.eus/hezkuntza/ webgunearen bidez.

Gogoan izan, lau batxilergo modalitate eskaintzen dituzte inguruotako ikastetxeek: Zientzia eta Teknologia Batxilergoa; Giza eta Gizarte Zientzietako Batxilergoa; Batxilergo Orokorra; edo Arteetako Batxilergoa. Hezkuntza Sailak, kontuan izan beharreko honako egutegia plazaratu du:
-Apirilak 8-19: eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea (biak barne).
-Maiatzak 7: onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira.
-Maiatzaren 14ra arte: behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko epea.
-Maiatzak 21: onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak argitaratzea.
-Ekainak 17-uztailak 2: matrikula egiteko epea.