#A21

EHBilduren kanpainako ekitaldia ostiralean

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 10a, 09:05

Apirilaren 12ko ekitaldian eta segidan egingo den herri argazkian parte hartzera deitu du Usurbilgo EHBilduk.

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begirako kanpaina erdibidera helduko den ostiral honetarako, hilaren 12rako ekitaldia deitu du EHBilduk, kanpaina abiatu berritan kartelak itsasteko eginiko biraren ostean. "Aldaketa da orain" kanpainarako koalizioak hautaturiko aldarripean, hiru zati izango ditu ostiral arratsaldeko 19:30etan Mikel Laboa plazan hasiko den hitzorduak. Batetik, hitza hartuko dute Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak eta baita datozen hauteskundeetarako EHBilduren Gipuzkoako hautagai-zerrendan hamabigarren postuan den Lasarte-Oriako herrikide Susana Sanz Huetek. 

Segidan, herri argazkia ateratzeko baliatuko dute ekitaldi hau eta jan-edana, ekitaldia borobiltzeko. "Bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, garrantzitsua da. Emango dugun aldaketarako guztiok garrantzitsuak garelako! Ondoren, kanpainarako herri argazkia aterako dugu eta luntx batekin batekin amaituko dugu ekitaldia", iragarri du Usurbilgo EHBilduk.

Posta bidezko botoa
Apirilaren 21ean izango dira hauteskundeak eta egun horretan botoa emateko aukera izango da bai, edo lehenago. Izan ere, zabalik da duela hilabete baino gehiagotik posta bidez botoa ematea galdegiteko epea. Interesdunek ostegunera arteko, hilaren 11ra arteko epea izango dute eskabide hau bideratzeko. "Euskadin bizi diren edo aldi baterako Estatuan edo atzerrian bizi diren pertsonek" eskatu ahalko dute Correoseko bulegoan edota online correos.es bidez.

Jada eskaera egin dutenek egunotan jasoko dute datozen hauteskundeotan modu horretan parte hartzeko beharrezko dokumentazioa, baita datozen egunotan egindakoek ere, denek apirilaren 14a baino lehen. Baliabideok jaso ahala, dokumentazioa eta botoa Correoseko bulegoan aurkezteko epea egun bat luzatu du hauteskunde batzordeak, apirilaren 18ra arte hain zuzen.