Ikastaro berriak ate joka

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 10a, 09:39

Lerrootan bildu ditugu ate joka diren datozen ikastaro eskaintzari buruzko xehetasunak.

Lanbide Eskola
Usurbilgo Lanbide Eskolatik jakinarazi dutenez, "apiriletik aurrera hasiko dira Lanbide bidez eskaintzen diren langile eta langabetuentzako ikastaroak aurten. Aurtengo eta datorren ikasturterako ikastaro aukera ugaria aurkituko duzue ikastetxean". Informazio gehiago jaso eta izena ikastaroak.lhusurbil.eus atarian eman ahalko da. Administrazioa eta kudeaketa, fabrikazio mekanikoa, turismoa eta ostalaritza, informatika eta komunikazioak, elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, instalatzea eta mantentzea eta heziketa osagarria, alor hauetan guztietan hamaika ikastaroetan parte hartzeko aukera eskaintzen ari da Lanbide Eskola.

"Ateak zabalik"
Hurrengo ikasturtera begira, bestalde, Lanbide Eskolako hezkuntza proiektua eta azpiegiturak ezagutu nahi dituenarentzat "ateak zabalik" izeneko hiru jardunaldi egun antolatu dituzte maiatzerako: 

  • Maiatzak 4 larunbata: bi saio izango dira 10:00etan erdi mailak / 11:30ean goi mailak eta espezializazioa.
  • Maiatzak 7 asteartea: 17:00etan erdi mailak.
  • Maiatzak 8 asteazkena: 17:00etan goi mailak.

Dagoeneko hitzorduotan izen-emateko epea zabalik dela berri eman dute Lanbide Eskolatik:
lhusurbil.eus
943 36 46 00
galdetegia


KzGunea
Goizez zabalduko dute hilabete amaierara arte Usurbilgo KzGunea, 9:00-13:00 artean. Honatx bertara datozen hurrengo ikastaroen berri:
-Apirilak 29-30, 9:00-11:00: "Online izapideak Osakidetzarekin".
-Maiatzak 6-17, 16:00-18:00: "Ofimatika tresnak-LibreOffice".
-Maiatzak 20-22, 16:00-18:00: "Zure bidaia planifikatu".
-Maiatzak 23-24, 18:00-20:00: "Instagram. Partekatu zure argazki eta bideo onenak".
-Maiatzak 27-31, 18:00-20:00: "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
Informazio gehiago, bideotatik:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net


"Sendabelarrak ezagutu eta bildu"
Txokoaldeko Txokoargi kultur elkartearen eskutik, “sendabelarrak ezagutu eta bildu” izeneko tailerra antolatu dute apirilaren 20rako, 10:00-12:00 artean, aipatu elkartearen egoitzan. Saioan 12 lagunentzako tokia egongo dela ohartarazi dute. Izena aurrez eman beharko da 619 591 849 telefono zenbakian; 17:00-19:00 artean deitu.


"Vachoca" tailer artistikoa
Apirilaren 25erako iragarri du Usurbilgo Udalak, 10:00-11:30 artean Artzabalgo aretoan, 60 urtetik gorakoentzat. Gehienez 15 lagunentzako lekua egongo da. "Vachoca (Vabagundo, chocolate, calcetín)" izeneko tailer artistikoan. "Etxea gaitzat harturik, tailer artistiko bat bideratuko da modu praktiko batean. Esperientzia honen bitartez helduak sormenarekin harremanetan jarriko dira. Material desberdinekin esperimentatuz eta jolastuz momentu atsegin bat igaroz. Bakarkako zein taldeko ariketak egingo dira bertan. Proiektuan zehar ezagututako pertsonen egoerak kontatuko dira, elkarrizketa eta kontzientzi kritiko eraikitzailea bultzatuz. Ekimen hau, Usurbilgo Udalaren sormen dirulaguntza deialdiaren baitan bideratu da".


Kantu Taldearen ikastaroa
Palestinaren nahiz Korrikaren alde abestu eta Peio eta Pantxoa omendu ostean, hilabete honetarako ere hitzordu berezia iragarri du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Izan ere, kantu-jirarako bildu ohi dira hilero azken larunbatetan. Apirileko azken larunbatean 12. Dantza Eguna ospatuko da. Horregatik, ohiko kantu-jiraz gain, kantu-bazkaria ere antolatu dute Askatasuna plazan, Orbeldi dantza taldekoekin lankidetzan. Txartelak aurrez eskuratu ahalko dituzue Artzabalen. Albiste hau lerrootara dakarkigu, izan ere hitzordu hauek guztiak prestatzeko astelehenero biltzen dira Kantu Taldekoak ikastarorako arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan.


Jabetza eskolako ikastaroak
Bi ikastaro antolatu ditu, jada Pelaioenea ireki berrian kokatua dagoen Usurbilgo Emakumeon Etxeak:
Tratu oneko proiektu pertsonalak eraikitzen:
-Formatzailea: Pepa Bojo.
-Zehaztasunak: "tratu onari buruz jardutea da tailerraren helburu nagusia; izan ere, tratu onaz ari garenean, ez dakigu beti zertaz ari garen eta taldeen irudimenean ez dago erreferentzia indartsurik. Tratu ona elkar onartzeko, elkarrekikotasunerako, berdinen arteko harremanak izateko modua da. Tratu ona eta berdintasuna eskutik doaz. Tratu onarekin lan egingo dugu, tratu ona norberarekiko eta besteekiko, horrek dakarren guztiarekin: sinesmenak aldatzea eta gaitasunak garatzea".
-Iraupena: ostegunero, apirilak 25-maiatzak 30 artean.
-Ordutegia: 17:00-19:00.
-Oharra: gaztelaniaz eskainiko da ikastaroa.

Biodantza:
-Formatzailea: Eider Zuriarrain.
-Zehaztasunak: "biodantza musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Modu honetan, bakoitzak bere pentsamendu, sentimendu eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Tratu onak ematen dira norberarentzat, besteentzat eta inguruan ere. Besteekiko enpatia garatzen da eta afektuan oinarritutako haremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar".
-Iraupena: asteartero, apirilaren 16tik ekainaren 18ra.
-Ordutegia: 15:30-17:00.


Izen-ematea:
Epea: apirilak 12.
Tokia: Pelaioeneko Emakumeon Etxea.
Ordutegia: 10:00-13:00 (astelehenetik ostiralera); 10:00-13:00/17:00-20:00 (astearte eta ostegunetan).
Telefono zenbakia: 943 377 112.
E-posta: emakumeonetxea@usurbil.eus