Ilunpean argiztatuak

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 10a, 15:09

Gauean airetik nola ikusten gaituzten ikus dezakezue albiste honi atxikitako irudiotan.

Euskal Herria, Gipuzkoa edota Usurbil gauez. Ilunpetan piztuta ageri gara, albiste honi atxikiak dituzuen irudi ikusgarriotan. Ea asmatzen duzuen mapa ilunotako ze puntu argitsua den udalerri hau. Albiste honen goialdean agertzen den irudian, esaterako, eskuinaldean duzuen zonalde argitsuena Donostia da. Zuen begirada apur bat hegoalderantz bideratzen baduzue Gipuzkoan N1 errepidearen bueltan Goierriraino doan zutabe argitsu bat ikusiko duzue. Paraleloki zutabe horren hasieran, Gipuzkoako hiriburuaren ondotik mendebalderantz lehenbizi Lasarte-Oria aurkituko duzue eta handik hurbil Usurbil eta Oriora heldu aurretik halako marra fin bat, Aginaga duzue.

Mugarria, argi kutsaduraren ikerkuntzan
Airetik modu horretan ikusten gaituzte, iluntasunean argitsu. Irudion atzean, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikerlariak daude. "‘International Research Center of Big Data for Sustainable Development Goals’-ekoekin batera, argi kutsadura islatzen duen iberiar penintsulako lehen mapa plazaratu dute bereizmen handian, SDGSAT-1 sateliteak emandako datuen laguntzaz.

Egileen esanetan, mapa hau aurrerapauso handia da argi kutsaduraren ikerkuntzan. Izan ere, mapa honek ingurumenean eta geure osasunean duen eraginaren ebaluazio zehatzagoa egitea ahalbidetzen du. Badu gainera, nabarmendu nahi duten beste ezaugarririk ere. Aztertutako argi iturrien kolorearen tenperatura estimatzeko gai da mapa hau. Egileen esanetan, "mapa honek argindarraren eta gau parteko zerua babesteko ikerketa ildo berriak eta erabakiak hartzeko bide berriak zabaltzen ditu". Mugarritzat jotzen dute ez soilik ikertzaile eta zientzialarientzat, baita "handitzen doan argi kutsaduraren arazoarentzat irtenbide jasangarrien bila dabiltzan gobernu, hirigile edota kontserbazionistentzat".

Mapa hau fintzen eta hobetzen segitzeko asmoa dute egileek, irudi zehatzagoak eskaini eta erabilgarriagoa izan dadin.