Apirilaren 21ean izango dira hauteskundeak eta egun horretan botoa emateko aukera izango da bai, edo lehenago. Izan ere, zabalik da duela hilabete baino gehiagotik posta bidez botoa ematea galdegiteko epea. Interesdunek gaurkoa dute, ostegun hau, eskabide hau bideratzeko azken eguna. "Euskadin bizi diren edo aldi baterako Estatuan edo atzerrian bizi diren pertsonek" eskatu ahalko dute Correoseko bulegoan edota online correos.es bidez.
Jada eskaera egin dutenek egunotan jasoko dute datozen hauteskundeotan modu horretan parte hartzeko beharrezko dokumentazioa, baita datozen egunotan egindakoek ere, denek apirilaren 14a baino lehen. Baliabideok jaso ahala, dokumentazioa eta botoa Correoseko bulegoan aurkezteko apirilaren 17ra arteko epea finkatua zegoen. Baina azken egunotan jakinarazi dutenez, beste egun bat luzatuko dute epealdi hau. Beraz, hilaren 18ra arte eman ahalko da botoa posta bidez.
Hauteskundeotan modu honetan parte hartzeko aukera dute, bertan erroldatuak daudenek, baldin eta eskaera hauteskunde erroldako bulegoak ontzat jotzen badu, edota hauteskundeotan bozka eskubidea izan eta bertan aldi baterako bizi diren atzerritarrek. Posta bidez bozkatzea ezingo dute eskatu bertakoak izan baina aldi baterako atzerrian bizi direnek edota atzerrian bizi eta hango bizilekutik eskaera hau egiten dutenek ere.
Egun bat gehiago
Aipatu moduan, apirilaren 18ra arte eman ahalko da posta bidezko botoa. Eskatu duenak berak aurkeztu beharko du botoa eta beharrezko dokumentazioa. Norberak ezin badu joan, beste pertsona bati baimendu ahalko dio tramite hau egitea. Horretarako, bere ordezkariak baimena, bere akreditazio dokumentu ofiziala eta ordezkatzen ari denarena aurkeztu beharko ditu. Baimen eredua Correosen eskuratu ahalko da. Informazio gehiago hain zuzen, correos.es atarian jaso dezakezue.
Kontuan hartzeko azken ohar bat; posta bidez bozkatzea eskatzen dutenek, ezingo dute apirilaren 21ean hauteskunde mahaietan botoa eman.