Errenta aitorpena

Errenta online aitortzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 11a, 08:02

Errenta internet bidez aitortzeko epea zabalik izango duzue gaurtik.

Errenta aitortzeko beste bide bat zabaldu du Gipuzkoako Ogasunak, ostegun honetan, apirilaren 11n. Izan ere, gaurtik, internet bidez argitu ahalko ditugu gure diru kontuak. Gogoan izan, aste hasieratik autolikidazio proposamenak onartzeko epea ere zabalik dela eta aurreko astetik proposamenok kontsultatu daitezke baita. Aste honi dagokionean, bada errenta aitorpenari lotutako beste hitzordu bat ere. Ostiraletik aurrera, errenta modu mekanizatuan tramitatzeko hitzordua eskatu ahalko da.

Hiru modalitate
Ohi bezala, hiru modutan tramitatu ahalko dugu. Autolikidazio proposamena jaso duzuenok, telefonoz edo internet bidez onartzeko aukera izango duzue. Foru Aldundiaren esanetan, "iaz proposamenen %83,3 onartu ziren".

Errenta mekanizatuari dagokionean, "telefonoz edo internet bidez hitzordua aurrez eskatuz gero, aitorpena egiten lagunduko dizugu gure bulegoetan". Azkenik, sarea baliatu ahalko duzue zuen errenta aitortzeko. "Gure laguntza programaz baliatuta, internet bidez bidali dezakezu aitorpena. Zerorrek egin dezakezu zuzenean, edo, bestela, ordezkari profesionaletako edozeinen bitartez". 233 langile arituko dira zereginotan.

415.000 aitorpen
Foru Aldundiak helarazitako iazko datuak segidan; 2023ko errenta aitortzeko kanpainaren baitan, 67.250 dei izan ziren, 1.102 eguneko bataz beste. Autolikidazio proposamen eta aitorpen mekanizatuak guztira 218.126 izan ziren eta 1,43 egunetan itzuli ziren. Internet modalitateko %99,4a, aldiz, 10 eguneko epean.

Oraingo honetan, "guztira, 415.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du foru erakundeak, iaz baino 15.000 gehiago". Dagoeneko Foru Ogasunak 275.900 autolikidazio-proposamen bidali ditu, "iaz baino 6.556 proposamen gehiago (+%2,4). Horietatik 195.050 itzuli beharrekoak dira eta 80.850 ordaindu beharrekoak". Guztira, Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, "230.000 aitorpen aurkeztuko dira modalitate horren bidez", beste 77.000 errenta mekanizatu. Kasuotarako, 11 bulego egokitu ditu Ogasunak bederatzi udalerrietan, 153 langilerekin. Usurbildik gertuen Hernanin kokatuko dute bulegoetako bat (Latsunbeberri auzoa 8-9), beste bi Donostian (Errotaburu pasealekua, 2; Sekundino Esnaola 10-12).

358,4 milioi bueltan
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, 358,4 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei errenta aitortzeko kanpaina hasiberri honetan. "305 milioi euro biltzea espero da, beraz, kanpainaren saldoa 52,8 milioikoa izango da zergadunen mesedetan".

Foru Ogasunetik berri eman dutenez, “zifra horiek 2021ean eta 2022an hartutako eta 2023an zabaldutako neurrien jarraipenean oinarritzen dira nagusiki, familiak eta pertsona autonomoak inflaziotik eta prezioen igoeratik babesteko; eta 1979a baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei aplikatuko zaien pentsio tributazioaren murrizketan ere bai, Auzitegi Gorenaren 255/2023 epaiaren ildotik”.

Aurtengoan, gainera, "Ondarearen gaineko Zergaz gain, aurten, berritasun gisa, Fortuna Handien Elkartasuneko Aldi Baterako Zerga sartuko da zerga-sisteman, 3,2 milioi eurotik gorako ondare garbiak zergapetuko dituena. Azken zerga hori ordaindu beharreko emaitza duten pertsona fisiko zergadunek bakarrik aurkeztu beharko dute".

Bi zerga horien artean, 8.900 aitorpenetatik 71,2 milioi euro inguru sartzea aurreikusten du Foru Ogasunak. Zergabidea plataformaren bidez bakarrik aurkeztu ahal izango dira bi zergak, apirilaren 11tik uztailaren 1era arte".

Modalitateak



Datak
Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatuak ditu iazko errenta aitortzeko datak:

  • Proposamak onartzea 2024/04/08tik 2024/07/01era. Dena den, apirilaren 03tik aurrera ikus daitezke proposamenak. Egin klik esteka honetan: Errenta 2023. 
  • Internet 2024/04/11tik 2024/07/01era.
  • Mekanizatua 2024/04/16tik 2024/07/01era (hitzorduak eskatzeko aukera apirilaren 12tik aurrera).


Informazio gehiagorako: 943 112 111 / gipuzkoa@gipuzkoa.eus


Errenta aitorpena euskaraz
Errenta euskaraz aitortzeko aukera izango dugu urtero moduan. Autolikidazio proposamena jasotzen duenak, telefonoz nahiz internet bidez onartzerakoan euskaraz egin nahi dela adierazi eta “aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu”. Internet bidezko modalitatean, “errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu, finantza erakunde batean esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu”. Errenta mekanizatuaren kasuan, hitzordua eskatzerakoan Ogasunarekin euskaraz harremandu nahi dela adierazi daiteke.


Hobaria NOAUA! K.E.-ko bazkideentzat
Adi baita NOAUA! K.E.-ren bazkideok; bazkidetzagatik hobaria aplikatuko zaizue errenta aitorpenean. Horratx, kultur elkarte honetako kide izatearen beste abantailetako bat. Bazkidetza tramitatu nahi duzuenok web orrialde honetan bertan bidera dezakezue, noaua.eus/bazkidetu atarian.