Apirilaren 19an irekiko du NOAUA! K.E.-k, Udajolasen izen-emateko epea

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 11a, 09:07

Apirilaren 19tik 29ra bideratu ahalko da izen-ematea online.

Uztailean, udako oporraldi betean izango diren gaztetxoek lagun artean bildu eta aisialdi tartea euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen Udajolasen parte hartu ahalko dute aurten ere. Izan ere, NOAUA! Kultur Elkarteak uztailaren 3tik 30era antolatu du udalekuon eskaintza hau.

Ohi bezala, Usurbilgo jaiak uztailaren 2an amaitu eta biharamunean abiaraziko du kultur elkarte honek Udajolas. Astelehenetik ostiralera, goizez eskainiko da eta lau orduko iraupena izango du. 9:30-13:30 artean parte hartu ahalko dute haur eta gaztetxoek eguneroko dinamiketan. Ostegunetan, aldiz, txangoak egingo dira. Egun horietan 16:30etan amaituko da eguneko jarduna.

Izen-ematea itxita oraindik
Udajolas, 4-12 urte artekoei (HH3-LH6 artekoei) zuzendua egongo da. Izena laster, apirilaren 19tik aurrera eman ahalko da, hilaren 29ra bitarte. Aurreko urteen antzera, online bideratu beharko da inskripzioa. Ohi bezala, bi kuota mota finkatu ditu NOAUA! K.E.-k; bat orokorra, bestea familia ugariei zuzendurikoa. Horrekin batera, gogoan izan, errentaren araberako Usurbilgo Udalaren hobariak jaso daitezke.

Udajolasi buruzko informazio gehiago atari honetan bertan aurkituko duzue, "Udajolas" atalean. Gogoan izan, halere, oraindik ezingo da izena eman. Epealdi hau, apirilaren 19an irekiko du NOAUA! K.E.-k. Lehenago ezingo da izen-ematerik bideratu.


Hezitzaile eta zuzendarien lan-poltsa deialdia
Parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea aurrerago bideratu beharko den arren, NOAUA! Kultur Elkarteak uztailera begirako Udajolasi lotutako prestaketa lanak abian ditu. Udaleku irekiotan hezitzaile nahiz zuzendari gisa aritu nahi dutenen lan-poltsa osatu asmo du kultur elkarte honek. 

Interesdunei begira, kontuan hartu beharreko zenbait ohar segidan. Batetik, begirale edo zuzendari titulua izatea lehenetsiko da, baita EGA izatea eta Usurbilgo herrikidea izatea ere. Lan-poltsa deialdian parte hartu nahi dutenek curriculumarekin batera sexu delituei lotutako ziurtagiri eguneratura bidali beharko da maiatzaren 10a baino lehen, bideotatik:
elkartea@noaua.eus
Bordaberri 3, behea, Usurbil 20.170