Osoko bilkura

Usurbilgo Udala, Sortalderen bazkide laguntzaile

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 11a, 19:11

Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea Kooperatibako bazkide laguntzaile izango da Usurbilgo Udala aurrerantzean. Hala erabaki du udalbatzak ostegun arratsalde honetako ezohiko osoko bilkuran.

Sortzaile eta bidelagun izan da hasieratik. Aurrerantzean, Usurbilgo Udala Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea Kooperatibako bazkide laguntzaile izango da. Hala erabaki berri du udalbatzak, ostegun arratsalde honetan egindako ezohiko osoko bilkuran.

Abiapuntutik hartueman estua izan du Udalak egitasmo honekin. Izan ere, Udala izan baitzen energia berriztagarrien komunitatea sustatzeko Goiener enpresa kontratu zuena. Komunitatetik kooperatibarako jauzi egiteko eginiko prozesuaren ondotik urte hasieran aurkeztu zuten Sortalde jendaurrean Sutegin eginiko ekitaldian. Hitzordu hartan, aurrera begirako erronketako bat, "bazkidetza areagotzea" zela eman zuten aditzera, "lehen proiektuak martxan jarri ahal izateko".

Hasierako 30 partaideren kopurua hazteko aukera zabalik da egun. Herrikide oro izan daiteke Sortaldeko bazkide. Udalak gaurko osoko bilkuran hartutako erabakiarekin bazkide laguntzaile izatea erabaki du. 1.000 euroko laguntza eskainiko dio kooperatibari, erabaki hau bozkatu aurretik udal gobernu taldetik adierazi duten moduan, Sortaldetik bideratuko diren proiektuak bultzatzeko; autokontsumorako eguzki plaken egitasmoak, formazio saioak...

Trantsizio ekosozialarekin bat
Urrats honek Udaletik bideratzen eta garabidean duten trantsizio ekosozialaren misioarekin bat egiten duela nabarmendu du Xabier Aranburu EHBilduren udal ordezkariak. Izan ere, gogora ekarri duenez, besteak beste, energia kontsumoa murriztu, energia berriztagarriak sustatu, gai honen nahiz mugikortasun ereduari buruzko hausnarketa bideratu edota kilometro zeroko produktuak bultzatzeko sortua da lerrootan mintzagai dugun kooperatiba. Udalbatza osatzen duten hiru udal taldeetako kideek (EHBildu, EAJ eta PSE) babestu dute proposamen hau.

Bazkide laguntzaile izanda, kooperatiban erabakitzeko eskubidea izango du Udalak edota helburu sozialeko jardueretan parte hartu nahiz bilgune barruan hainbat ardura bere gain hartzeko ere aukera izango du.

Hasieratik sustatzaile eta bidelagun
Aipatu moduan, Sortalde Udala hasi zen bultzatzen Goiener enpresa kontratatu eta hark eskainitako aholkularitza zerbitzuaren bidez, "Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatea eratzeko aholkularitza lanak egiteko. Lan horren ondorioz, herri mailako hainbat bilera antolatu ziren, energia komunitate bat zer den eta Usurbilen izan zezakeen interesa azaltzeko".

Duela bi urte izan zen hori. Hortik aurrera eginiko lanketa prozesutik eratu zuten 2023ko ekainean, “Usurbilgo Energia Berriztagarrien komunitatea kooperatiba sozietatea” irabazi asmorik gabeko sozietate kooperatibo integrala (kontsumo eta lan kooperatiba)".


Bazkidetza egiteko aukera
Udalak egin duen moduan, Sortalde bazkidetza egiteko aukera eskaintzen ari da sortalde.eus atarian. "Kooperatibaren partaide izan zaitezke, bazkide kontsumitzaile gisara edota laguntzaile moduan", berri eman dute.

Gogorarazten dutenez, "Irabazi Asmorik gabeko Kooperatiba integral honen bitartez, Usurbil mailan energia transizioaren erronkari aurre egiteko gure alea erein nahi dugu. Gure asmoa ekimen hau herritar, elkarte, enpresa zein entitateei zabaltzea delarik, ahalik eta parte hartzea zabalena izan dezan". 

Egitasmoak
Egun, eskuartean bi proiektu dituzte; batetik, Zubietako frontoiko teilatuan bultzatuko duten 114,45 kWp-ko lehenengo autokontsumo instalazio kolektiboa. Instalakuntza horri esker, frontoi estali honen bueltan, bi kilometroko eremuaren baitan geratzen diren eraikinek baliatu ahalko dute Zubietako gune zehatz honetan sortuko den energia. Zonalde horretan sartzen da Zubieta osorik noski, baita Txikierdi, Kalezar, Kaxkoa eta Santueneako zati bat. 

Horrez gain, aholkularitza zerbitzua eskaintzea dute beste helburu nagusietako bat. Hala, fakturazioari edota energia eraginkortasunari buruzko argibideak eskaini edota energia ohituretan eragin nahi dute, baita energia sistemen berritzean, pobrezia energetikoaren gaian edota autokontsumoan, aipatu aholkularitza zerbitzu honen bidez. Gai horietan guztietan egon daitezkeen gabeziei aurre egiteko formakuntza ere sustatu nahi dute. Informazio gehiago, sortalde.eus atarian jaso dezakezue.