Osoko bilkura

Haur eskolaren zerbitzu kontratua hiru urtez esleitzeko prozedura abiatzera doa Udala

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 11a, 19:43

Haur eskola izan du mintzagai udalbatzak ostegun arratsalde honetan egindako ezohiko osoko bilkuran. Gai-zerrendako hiru puntuetatik bi 0-3 urte arteko hezkuntza eskaintza duen proiektu pedagogiko honi lotutakoak izan dira.

Batetik, irailaren 1ean indarraldia amaituko zaion egungoaren antzera, hiru urteko epealdikoa izango den esleipena abiaraztea ontzat eman du udalbatzak gehiengo osoz, EHBilduren eta PSE-ren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin da.

Berrikuntzak izango ditu, ordea, kontratu berriak. Izan ere, egungoa emakida kontratu bat da. Etorkizunekoa, zerbitzu kontratu bat izango da. Aldaketa honen zergatia nabarmendu nahi izan du udal gobernu taldeak gaurko osoko bilkuran. Zerbitzu honen kudeaketak dakartzan arriskuak administrazioak, kasu honetan Udalak hartuko ditu bere gain, ez lizitatzaileak. Arriskuak ahotan hartzerakoan, egungo testuinguru sozioekonomiko ziurgabea aipatu du alkate Agurtzane Solaberrietak: jaiotze-tasaren murrizketa, bizimoduaren garestitzea...


Bolumen handiko esleipena
Zerbitzu kontratu honi buruzko zenbait xehetasun ere eskaini ditu alkateak. Hiru urterako, 2,2 milioi eurora arteko bolumen ekonomikoa izan dezakeen kontratua da honakoa. Bere balio ekonomikoa estimatzeko azterlan bat egina du Udalak. Zenbait zenbaki nabarmendu ditu udal gobernu taldeak ostegun honetako osoko bilkuran. Esate baterako, urtero 500.000 eurotik gorako bolumen ekonomikoa izan dezake zerbitzu honek (hezitzaileen orduen 450.000 eurotik gorako kostuak eta 86.000 euro pasatxoko gastu orokorrak batuta), hiru urteren buruan ia 1,9 milioi eurokoa. Urteko matrikulazio kopuruagatik edota iaz onarturiko Hezkuntza Lege berriak eragin ditzakeen lan-baldintzen parekatzeagatik Udalak aurreikusia du %20ra arteko doiketa egin behar izatea agian. Hori hala gertatuko balitz, aipaturiko 2,2 milioi eurokoa litzateke hiru urteko esleipen hau.

Estimazio hau egiteko azken urteotan haur eskolako erabiltzaile izandako bataz besteko kopurua (68 haur), zerbitzu hau zenbat orduz baliatu duten (sei ordu) eta zenbat hezitzaile lanean jardungo luketen (bederatzi lanaldi osoz) hartu dute kontuan. 

Aurrekoa agortzear
Egungoaren epealdia amaitzear zen eta hauxe izan da hain zuzen, esleipen berriaren tramitazioa hasteko arrazoietako bat. Egungoaren prozedura martxan jartzea 2021eko martxoaren 25eko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak. Urte hartako ekaineko saioan erabaki zuten Udarregi ikastolari esleitzea haur eskolaren zerbitzua. Uztailaren 6an kontratua sinatu eta irailaren 1ean sartu zen indarrean hiru urterako. Horrek esan dahi du, aurtengo irailaren 1ean amaituko dela egungo esleipenaren epealdia. Hortik deialdi berriaren beharra.

Horrekin batera, bazen bigarren arrazoi bat ere, gaurko osoko bilkuran gogorarazi eta azken hilabeteotan herriarekin partekatu izan dutena. Iaz, Eusko Jaurlaritzak azken txanpara gerturatzen ari den 2023-24 ikasturte honetarako haur eskolak doakoak izango zirela ziurtatu zuen; Partzuergokoak ordea. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden udal titulartasuneko hamahiru haur eskolak erabaki horretatik kanpo utzi zituen; tartean, Usurbilgoa.

"Hasieratik salatu genuen erabaki hura", gogorarazi du gaurko osoko bilkuran alkate Agurtzane Solaberrietak. Izan ere, ageriko diskriminazio egoerak sorrarazi ditu urrutirago joan gabe, Usurbilgo gurasoen eta herri honek mugakide dituen udalerrien artean; haietan bai, doakoa baita haur eskola zerbitzua. 

Erabaki haren berri izan zutenetik argibide eta bilera eske aritu arren, udal gobernu taldeak hilabeteotan behin baino gehiagotan adierazi izan duen moduan, ez dute erantzunik jaso. Horregatik, ziurgabetzat jotzen zuen testuinguru honetan, gurasoek ordaindu beharreko haur eskolaren kuotaren %62a Udalak bere gain hartzea erabaki zuen ikasturte honetarako. Behin-behineko erabakia zela gogorarazi zuten hasieratik, 2023-24 ikasturterako hartutakoa eta haur eskolaren etorkizunaz erabakitzeko hausnarketa prozesua irekiko zuela iragarri zuen udal gobernu taldeak. "Horretan aritu gara" zioen Usurbilgo alkateak gaurko osoko bilkuran. Lanketa horren emaitza izan da, besteak beste, gaur onarturiko haur eskola zerbitzua kontratatzeko esleipen prozedurari hasiera ematea edota baita haur eskolako erabiltzaileen betebehar eta eskubideak biltzen dituen araudiaren onespena ere.