Webgune honetan, ostegun honetako ezohiko osoko bilkurari eskaini dizkiogun albisteetako bat haur eskolari lotutakoa izan da. Haren zerbitzu kontratua hiru urtez esleitzeko prozedurari ekitea onartu du udalbatzak gehiengo osoz. Horrekin batera, haur eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharrak zehazten dituen arautegia onartzea erabaki du baita udalbatzak gehiengo osoz, EHBilduren eta PSEren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin da.
Eskaerari erantzuteko moduan
Araudi honen hainbat xehetasun eskaini ditu udal gobernu taldeak. Batetik, haur eskolako plaza kopurua mugatzea erabaki dute. Gehienez, 92 haurrentzako lekua egongo da. Hala, 12 haurrentzako lekua egongo da 0-1 etapan; 26 umeentzako 1-2 etapan; eta, azkenik, 54 haurrentzako lekua 2-3 etapan. Banaketa honek, alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu duenez, "Usurbilen egon daitekeen eskaerari erraz erantzuten dio".
Ratioak ere zehaztu ditu. Legeak ezarritakoaren azpitik izango direla jakinarazi du.
Gela bat irekitzeko beharrezko gutxieneko haur kopurua ere zehaztu dute araudi honetan. Hiru haur beharko dira 0-1 adin tartean, eta bosna 1-2 eta 2-3 adin tarteetan. Halere, "adin taldeak nahasteko aukera" izango dela iragarri du udal gobernu taldeak eta araudian halaxe dago jasoa, itxaron zerrendan ahalik eta haur gutxien egoteko.
Matrikulazioa
Izen-emate prozesuaren nondik norakoak ere zehazten ditu araudi berriak. 2024-25 ikasturterako begirako matrikulazio epearen datak ere aurreratu ditu udal gobernu taldeak; apirilaren 22tik maiatzaren 3ra izango da. Eskainitako plaza kopurua baino izen-emate gehiago balego, araudiak ere zehaztuak ditu irizpideak eta lehentasunak. Plazak erreserbatzeagatik ere kuota bat zehaztua dute.
Ordutegiari dagokionean, ordubete murriztuko dute haur eskolako zerbitzua. Irailetik aurrera, 8:00-16:00 artean eskainiko da (orain arte, 7:30-16:30 artean eskaini izan da). Egin duten azterlanean, orain arteko erabilera ordutegia zein den aintzakotzat hartuta, "murrizketak kalte txikia" eragingo duela aurreikusten du udal gobernu taldeak. Gainera, Partzuergoko haur eskolek indarrean duten ordutegia da hauxe. Haur eskolak eragingo duen kostuaren kontentzio ariketa egin behar izan dutela nabarmendu du alkateak eta horren baitan murriztu behar izan dutela ordubetez zerbitzu hau.
Kuota murritzagoak eta hobariak
Erabilera prezioei dagokienean, garai beteko kuota nabarmen jaitsiko da. Garai batean, 300 euro ordaindu behar izaten ziren. Datorren ikasturtean, doakotasunaren bidean, egun osoko erabilera egingo duten erabiltzaileek 60 euroko kuota ordaindu beharko dute, 40 eurokoa zerbitzu hau egun erdiz baliatu asmo dutenek. Kopuruok apirila amaieran egingo den hilabete honi dagokion osoko ohiko bilkuran zehaztuko dituzte, aldaketarik ez bada, hilaren 25ean egingo den saiora eramango dituzten ordenantza fiskalen bidez.
Ordenantza fiskalok aipatuta, alkateak gogorarazi duenez, familien errentaren arabera, haur eskolako hileroko kuota ordaintzeko %50-90 arteko hobariak eskuratzeko aukera izango dute.
Araudi honen testuinguruan, gainera, Udalaren eta lizitatzailearen artean, haur eskolako guraso eta langileekin koordinazio mahaia osatuko dute. Maiztasun jakin batekin bilduko da, interesekoak izan daitezkeen gaiak jorratzeko.
Partzuergoan sartzearen alde
Haur eskolari lotuta gaurko osoko bilkuran jorratu dituzten bi gaiei dagokienean, abstenitu egingo zela iragarri du EAJ-k. Izan ere, udal taldeko bozeramaile Xabier Otxoak aditzera eman duenez, "Partzuergoan sartzearen alde" zirela adierazi du. Erabaki hori hartu izan balitz, Udalak eta herri honek ez lukeela "gainkarga ekonomikorik izango" zioen. Aldiz, "zerbitzua ematen jarraitu behar da eta egindako lana balioan jarri" behar zela adieraziz, abstenituko zirela adierazi du.
Udal gobernu taldetik, Partzuergoan sartzeko aukera aztertu zutela gogorarazi du alkateak, baina bide hau alboratu beharrean aurkitu zirela erantzun dio EAJ-ri. "Marra gorri bat bazen, langileak", Solaberrietaren esanetan. Hezkuntza Sailari eginiko kontsultan, jakin zutenez langileek ez zuten subrogaziorako aukera izango Partzuergoan sartuz gero.
Halere, alkateak nabarmendu nahi izan duenez, arrazoi gehiago ere izan dira Partzuergoaren bidea alboratzea eragin dutenak. Batetik, "balorean jarri" nahi izan dute Usurbilgo haur eskolaren 22 urteotako ibilbidea. "Proiektu kontsolidatua da, oso ondo baloratutako zerbitzua". Ildo horretan, jaso izan duten eskaeretako bat izan da herritik herriarentzat, hurbiletik kudeatzen segitzea, eta baita, 0-3 etapa ez haustea. Izan ere, Partzuergoko haur eskolek 0-2 urte arteko zerbitzua eskaintzen dute. Ulertezintzat jo du beste behin, haur eskolen doakotasunetik at uztea udal titulartasunekoak, tartean Usurbilgoa. "Gurea zerbitzu publikoa da, titulartasun publikokoa", oroitarazi du alkateak.