21. Laburbira

Euskarazko film laburren uzta berriena igandean ikusgai

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 12a, 08:18

21. Laburbira, euskarazko film laburren proiekzioa antolatu du NOAUA! Kultur Elkarteak, iganderako, apirilaren 14rako.

Ostiral honetan, apirilaren 12an hasiko da azken aldian euskaraz ekoitzitako film laburren bira Euskal Herrian barrena. Laburbira ekimenaz ari gara. 21. ediziora heldu da. Aurtengoan, 36 herritan 38 emanaldi eskainiko ditu. Bira horretan, geldialditxoa egingo du urtero moduan Usurbilen, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik.

Euskarazko film laburron emanaldia igande honetarako, apirilaren 14rako antolatu du kultur elkarte honek, arratsaldeko 18:30etan hasita Sutegiko auditorioan. Doako sarrera izango duen proiekzioaren baitan, zortzi ikus-entzunezko lan ezagutzeko aukera izango duzue. "Gaur egungo zinemagintzaren erakusgarri aparta da film laburren sorta, gure sortzaileen lanaz gozatzeko aukera emango die herritarrei", nabarmendu dute Euskaltzaleen Topagunetik.

NOAUA! K.E. kide duen Euskaltzaleen Topaguneak sustaturiko ekimena da lerrootan mintzagai duguna. Igandean Sutegin ikusi ahalko dugunaren aurrerapentxo bat bildu dute, albiste honi atxikia duzuen bideoan. Segidan, film hauei buruzko xehetasun gehiago. Haietako zuzendarietako bat izango dugu, gainera, gure artean: "Babesa" izeneko ikus-entzunezkoaren zuzendari eta aktore, Ander Iruretagoiena zarauztarra.


21. Laburbira


"Babesa"
Zuzendaria: Ander Iruretagoyena.
Sinopsia: "Aratz, film honetako pertsonaia nagusia prostitutua da. Migel ezagutzean are gehiago nahaspilatuko da bere bizimodua".


"Dena asmatuta dago"
Zuzendaria: Jone Arriola.
Sinopsia: "Duela sei hilabete ezagutu zuten elkar Lur eta Martinek baina beraien harremanak oraindik ez du izenik. Dena asmatuta badago, beraien artekoa zer da?".


"Katalinaren zoria"
Zuzendaria: Guillermo Ordás.
Sinopsia: "Gerra latz baten erdian biziraun nahian, bere kemen eta indar guztia baliatu beharko du Katalinak onik ateratzeko…".


"Erro"
Zuzendaria: Amaia Lejarreta.
Sinopsia: "Bodypaint eta dantza bertikala uztartuz, bizitzaren zikloa irudikatzen du Amaia Lejarretak irudi zorgarriekin ondutako lan ikusgarri honetan".


"Mundu berri bat"
Zuzendaria: Mikel Alvarez.
Sinopsia: "Apokalipsi zonbiak hartu du mundua. Filmeko protagonista, kutsatuta, bere buruaz beste egiteko zorian dago. Zorionez, sendagaia aurkitu dute. Mundu berri bat du orain aurretik, edo ez?…".


"Zirrara"
Zuzendaria: Ane Cuesta.
Sinopsia: "Neskato gazte bat bere gorputza deskubritzen hasi da bat batean. Uste baino buruhauste handiagoak ekarriko dizkio deskubrimentu horrek…".



"Talkak"
Zuzendaria: Ilune Diaz eta Jordi Nuet.
Sinopsia: "Krisian dagoen bikote batek, bere arazoak amen batean konponduko dituen ezusteko talka-terapia perfektua aurkituko du jolas-azoka batean..".


"Betizu buru"
Zuzendaria: Kim Maiteny.
Sinopsia: "MIREN eta MANUk baserri bat hartu dute asteburua pasa eta elkarren arteko harremana hobetzeko. Bortizkeriak bortizkeria dakar eta bailarako kondairak dio zintzarri bat dela zapaltzaileek entzuten duten azken hotsa…".