Usurbil 1936

Andatzako defentsa-lerrora bisita gidatu eta antzeztua larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 12a, 11:06

Ibilaldi gidatu eta antzeztua antolatu du Usurbil 1936 elkarteak larunbaterako, apirilaren 13rako. Berreskuraturiko lubakiak hurbiletik ikusi edota garaiko testuinguruaz zer ikasia izango da. Gonbidapenak eskuragarri dituzue.

Herri honetako oroimen historikoa berreskuratzeko duela lau urte aurkeztu zen Usurbil 1936 elkartearen lan-ildoetako bat izan da hasieratik, aipatu urte hartako gerrak udalerri honetan utzitako arrastoa agerian uztea; besteak beste, lubakiak berreskuratzea. Zeregin horretan jardun dira elkarteko kideak eta herriko hainbat bolondres, arkeologo talde batekin, aurreko bi uda garaietako hilabeteetan Andatza gainean. Egindako lana erakusteko ordua heldu zaie. Berriki Youtubeko "Usurbil 1936" kanalean egin bezala, lanok bertatik bertara ezagutzeko txango berezia iragarri dute apirilaren 13rako; ibilaldi gidatu eta antzeztua. 

Helburu hirukoitza du ekimenak. "Andatza mendian 1936ko gerraren inguruan abuztu bukaeratik iraila erdialdera arte jazotako borrokez informatzea, testuinguru historikoa azaltzea eta 2022-2023an egindako lan arkeologikoaren ostean berreskuratutako lubakiak erakustea da". Usurbil 1936 elkartetik aurreratu dutenez, hainbat herrikideren parte hartzearekin egingo da antzezpena, artxibategietan aurkitutako dokumentazioko datuen laguntzaz. Indusketetan parte hartu zuten arkeologoak ere ekitaldi honetan izango dira, aurreko bi udetan eginiko lanketa azalduko diete bisitariei. 

Izan ere, bost lubaki aurkitu zituztela berri eman dute Usurbil 1936 elkartetik. Haietatik bat ezin izan zuten hondeatu, beste batean ordea "sorpresa handiak aurkitu genituen. Material asko". Ikusgarrienak diren hiru lubaki bisitatu ahalko dira hilaren 13an. Ondarea, jendea eta animaliak babesteko itxitura bat jarri dute.


Ibilaldiaz
Bisitariek hiru ohar kontuan izatea nahi dute antolatzaileek: puntualak izatea; lubakiak zuhaizti batean egon arren egun, garai hartan halakorik ez zegoela aintzat hartzea; eta kolpistak aipatuko dituzten arren, urteotan isildutako bando errepublikarren ikuspegitik eskainiko direla azalpenak. Bistaratuko dutena, urteotan batutako dokumentazioan oinarrituta, Andatzako fronteak hasiberria zen gerran Donostia babesten izandako garrantzia izango da, Gipuzkoan 50 kilometro luzeagoa zen defentsa lerro luzeko puntu garrantzitsua.

Ibilaldia Puelatik hasiko dute, eta adi, bertatik lubakietara heldu arte hainbat panel aurkituko dituzue; Puelan, gurutzean edota borda parean. Izan ere, ibilbide hau seinaleztatu du Usurbil 1936 elkarteak. QR sistemarekin hornituak daude gainera. Beraz, horren bidez "informazioan sakontzeko gure usurbil1936.eus webgunera bideratuko zaio". Horrez gain, 650 Usurbil Bizi herri proiektuarekin bat egingo du ibilbide honek. Aurrerantzean, 650usurbilbizi.eus atarian eta aplikazioan aipatu ibilbideari (Wikiloc formatuan) eta lubakiei buruzko informazioa eskainiko da. Usurbil 1936 elkarteak bestalde, lubakiotan aurkitutako ondarea garbitze eta katalogatze prozesuan dute arkeologoek. Gero, "Diputazioaren gordailura eraman behar da". Halere, iragarri dutenez, ondare horren "zati esanguratsuena herrira ekarri eta betirako ikusgai" jartzeko asmoa dute.


Lubakietara txangoa
Apirilak 13, larunbata
9:00 Mikel Laboa plazan biltzeko hitzordua.
10:00-13:30 Ibilbide gidatu eta antzeztua Puelatik Andatza gainera. Parte hartzaileak: Intxorta 1937, Lubaki, Burdin Hezia Oroimenaren Museoa, Euzkadiko Frontea, Oroimen taldea, Usurbil 1936 elkartea eta herriko bolondresak. 
Gehienezko parte hartzaile kopurua: 80. 12 urtetik gorakoak. Animaliak ezin dira eraman.
Izen-ematea: aurrez, usurbilkultura.eus plataforman edo Potxoenean.
Antolatzailea: Usurbil 1936.