#A21

Posta bidez bozkatzeko Correoseko bulegoa larunbatean ere zabalik

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 12a, 10:43

Posta bidez botoa emateko larunbat honetan ere, apirilaren 13an zabalik izango da Correoseko bulegoa.

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren erdibidera heldu gara. Bederatzi egun baino ez dira geratzen bozketa egunerako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; baita honenbestez, Usurbilen ere. Askok hurrengo asteko igandean emango dute botoa dagokion hauteslekuan. Aldiz, beste hainbatek posta bidez botoa ematea erabakia izateaz gain, beharrezko tramitazioa bideratua izango du. Izan ere, ostegun honetan, apirilaren 11n itxi baitute modalitate honetan botoa ematea eskatzeko epea. 

Une honetatik aurrera, eskabidea egoki eta epe barruan egin dutenek, beharrezko dokumentazioa jasotzen duten momentutik Gasteizko ganbera berrituko duten hauteskundeetan parte har dezakete jada. 

Larunbat goizez ere zabalik
Posta bidezko botoa emango dutenei zuzenduriko bi ohar garrantzitsu; batetik, horretarako epealdia egun bat luzatu dute. Izatez, apirilaren 17ra arteko denbora tartea finkatua zegoen posta bidez bozkatzeko, baina, aste honetan ohartarazi dutenez, hilaren 18ra arte luzatuko da tarte hau. Bestalde, aurreko hauteskunde deialdietan gertatu izan den moduan, Correosek ehun bulego zabaltzea erabaki du larunbat honetan, apirilaren 13an, tramitazio hau errazteko. Irekiko dituzten egoitzen artean da, Usurbilgoa ere. 

Mikel Laboa plazako bulegoaren atarian eseki duten oharrean irakur daitekeen moduan, posta bidezko botoaren kudeaketa errazteko arreta zerbitzua eskainiko dute bihar, apirilak 13, goizez, hiru ordu eta erdiz, 10:30-14:00 artean.


Egun bat gehiago
Aipatu moduan, apirilaren 18ra arte eman ahalko da posta bidezko botoa. Eskatu duenak berak aurkeztu beharko du botoa eta beharrezko dokumentazioa. Norberak ezin badu joan, beste pertsona bati baimendu ahalko dio tramite hau egitea. Horretarako, bere ordezkariak baimena, bere akreditazio dokumentu ofiziala eta ordezkatzen ari denarena aurkeztu beharko ditu. Baimen eredua Correosen eskuratu ahalko da. Informazio gehiago hain zuzen, correos.es atarian jaso dezakezue.

Kontuan hartzeko azken ohar bat; posta bidez bozkatzea eskatzen dutenek, ezingo dute apirilaren 21ean hauteskunde mahaietan botoa eman.