Usurbil 1936

1936ko gerran jazotakoa biziberritu zuten Andatzan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 15a, 19:34

Usurbil 1936 elkarteak eragile gehiagorekin lankidetzan antolaturiko bisita gidatu eta antzeztu egin zuten larunbatean duela ia 90 urte defentsa-lerroa izan zen Andatza tontorrera. Gerra hartako aztarnen lekuko izan ziren parte hartzaileak. Orduko hainbat gertakari biziberritu zituzten, garai hartako dokumentu eta lekukotzetan oinarrituta.

Historian ia 90 urte egin zuten atzera larunbat goizean Andatzara igo zirenek. Abiapuntuan antolakuntzak ohartarazi zuen, 1936ko gerra garaiko testuinguruaz hainbat argibide jasoko zituztela bisita gidatuan parte hartuko zutenek, orduko lubakiak ere ezagutzeko aukera izango zutela. Baina hitzordua hainbat eragilerekin batera (Intxorta 1937, Lubaki, Burdin Hezia Oroimenaren Museoa, Euzkadiko Frontea, Oroimen taldea eta herriko bolondresak), hilabete luzez maisuki prestatzen arituriko Usurbil 1936 oroimen historikoa berreskuratzeko lanean dabilen elkartetik ohartarazi zuten, bisitariak ez zirela soilik ekitaldi hartako edukia jasotzen izango, parte hartzaile aktibo bilakaraziko zituztela eta entzundako jarraibideei kasu egiteko eskatu zuten. Hori goizeko 10:00etan, Puelan elkartzeko finkatu zuten lekuan adierazi zutena.

Koxme Yagüez
Zenbait antolatzaile gerra testuinguruko jantziekin agertu ziren Puelan; gerora zetorrenaren adibidea baino ez zen izan. Izan ere, 1936ko gerran Andatzan jazotakoa biziberritu zuten herenegun. Lehenengo ezustea, Andatzako gurutzean jaso zuten. Hantxe izan genuen, iraganera jauzi egiteko lehen aukera. Antolatzaileak gurutzearen historiari buruzko argibideak ematerakoan, Koxme Yagüez Beristain agertu zen. Zubietako eskolako maixua izandakoa, 1936an fusilatu zuten faxistek Orioko mendate inguruan 32 urte zituela. 2022ko ekainaz geroztik, bera oroitzeko gunea du Udarregi Ikastolak.

Ez zen bakarrik agertu, garaiko fronte popularreko kazetariarekin baizik. 1936ko udan egin zuten moduan, biak ala biak "frontearen egoera ezagutzera" igo ziren Andatzara. "Elkarrizketa bat hitzartu dugu Saseta komandantearekin", berri eman zieten bisitariei.

Frontea, zaintzapean
Gurutzetik babeslekurako bidean, bapatean, eskuak altxatzeko agindua jaso zuten bisitariek. Eskerrak Koxmeri, hari esker ireki zieten bidea, Andatza gaineko sarbidea zaintzapean zutenek. "Ibiltzeko baimenik?" galdetu zioten maisu herritarrari. "Koxme Yagüe naiz", erantzun zuen honek. Alboan zuen kazetaria elkarrizketa bat egitera eraman behar zuela aipatu zion. "Kontuan izan, gerra fronte batean sartzera zoaztela", ohartarazi zuten. Beraz, "esandakoari kasu egin eta adi egon", eskatu zuten. Soldatu baten laguntzaz, Saseta komandatearekin elkartuko zirela adierazi zieten. Koxme eta kazetariarekin batera babeslekurantz jo zuten denek.

Kandido Saseta Etxeberria zain zuten bertan. Usurbilgo memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduen elkartetik azaldua duten moduan, "militarra zen eta jeltzalea". Gerra lehertutakoan, "Gipuzkoako defentsa antolatzeko agindua jaso zuen". Hainbat borroka gidatu zituen gerora Bizkaia aldean, Asturiasen hil zen borrokan. Andatzako defentsa-lerroko "gudariak gidatu zituen".

Babesleku parean, 1936ko gerra betean, Andatza gainean izandako bilkura antzeztu zuten, Koxmek, Sasetak eta fronte popularreko kazetariak. Bertako gudarien partea jasotzen aritu zen. "Ondo gaude, baina faxisten mugimenduak ikusi ditugu hemendik azken orduetan eta alertan gaude", ohartarazi zuen Sasetak. Argi adierazi zion kazetariari; "gudariak prest daude borrokatzeko Euskadirengatik. Badugu materiala, armak, munizioa". Gertuko herrikideen laguntza ere nabarmendu zuen Sasetak. "Herritarrek ekartzen digute informazioa eta materiala". Inguruko herrietako gudariak batu zituen Andatzan Sasetak.


"Goazen, goazen!"

Soldadu baten laguntzaz, egun zuhaizpean diren (garai hartan ez) lubakietara gidatu zituzten bisitan parte hartu zutenak. Han, Andatzako defentsa-lerroa serio babesten ari zirenekin topo egin zuten.

Hurrengo geltokia, "buzoia" eta antena kokaturiko Andatza tontorra. Han, ezustekoa. Lehenbizi, babeslekuan hasitako elkarrizketari segida eman zioten kazetariak eta Sasetak. "Belkoain erori dela jakin dugu", zioen kazetariak. "Atzo galdu genuen posizioa. Gudariak erretiratu ziren handik baina hori ez da arazo handia. Oraindik lasai gaude", Sasetaren esanetan. "Zer diozue zuen baliabideez?", galdetu zion kazetariak. Sasetak erantzun zionez, "boluntarioak pertsona zintzoak dira, bere hitza eman dute. Hemen ezin dugu kuarteleko diziplina estua jarri, boluntarioak dira, munizioa eta tresnak falta dira. Gure gudariak pertsona dinamikoak dira, ez zaie gustatzen lubakietan egotea. Baina jende ona da".

Elkarrizketa betean zirela, heldu zen ezustekoa. Mezu garrantzitsu bat ekarri zioten bapatean Sasetari. "Ez dira berri onak", Sasetak ohartarazi zuenez. Bapatean denei, "joan zaitezte" eskatu zieten, "arriskutsua da. Goazen, goazen!". Eta alarma, hegazkin eta tiro hotsak, Andatza tontorra ke bola beltz batean. 1936ko gerrako borrokaldietako baten zuzeneko lekuko bilakarazi zituzten. Une hartan, eutsi egin zioten defentsa-lerroari. Baina izan zen kalte pertsonalik, bisita gidatu eta era berean antzeztu honetan erakutsi zuten moduan.

Maisuki antzeztua
Benetan latza garai hartan bizitakoa. Era berean ikusgarria, nola biziberritu zuten larunbat goizean Andatza gainean, 1936an jazotakoa. Orduko gertakarietan bete-betean murgilarazi zituen Usurbil 1936 elkarteak eragile gehiagorekin lankidetzan, bisitako parte hartzaileak. Hemen antzezpen haietako hainbat pasarte, irudiotan: