Usurbil 1936

Andatza, defentsa-lerro ezezagun bezain garrantzitsua

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 15a, 19:22

Gutxienez, 19 hildako eta 55 zauritu izan ziren 1936ko gerran Andatzako defentsa-lerroan. Eremu honetan jazotakoa azaldu zieten Usurbil 1936 elkarteko kideek larunbatean mendi honetara igotako bisitariei, hilabete luzez prestatzen aritu diren bisita gidatu eta antzeztuan.

Usurbil 1936 elkarteak azken urteotan, herriko oroimen historikoa berreskuratzeko eginiko lanketari esker ezagutu ahal izan dugu 1936ko gerrak geurean utzitako arrasto sakona. Izan ere, besteak beste, borroka leku garrantzitsua izan baitzen udalerri hau duela ia 90 urte.

1936ko gerra hasieran izan zen, urte hartako uda amaieran, irailean. Andatza, defentsa gunea izan zen. Usurbil 1936 elkarteak garaiko dokumentu eta lekukotzetatik bildutako informazioaren arabera, hamabost eguneko tartean, irailak 5-20 artean, "gutxienez, 19 hildako eta 55 zauritu" izan ziren mendi honetan. Gutxienez diote, horiek baitira, "guk dakigula, identifikatuta, dokumentatuta" daudenak. Hala jakinarazi zuten, larunbat goizean 1936ko gerran defentsa-lerroa izan zen Andatzara antolatu zuten bisita gidatu eta antzeztuan.

Herrikideak logistikan
Faxistei aurre egiten jardundakoak, gehienak herritik kanpokoak izan zirela berri eman zuten; Usurbildik gertuen, Donostia edota Pasaia aldekoak. Urrunagotik heldutakoak ere izan ziren; Bizkaia, Asturias edota Galiza aldetik etorritakoak. Halere, usurbildarrek fronteko borrokaldietan zuzenean nagusiki ez baina nabarmentzeko moduko eskuhartzea izan zuten. "Usurbildarrek batez ere logistika mailan parte hartu zuten", azaldu zuten Usurbil 1936 elkarteko kideek.

Defentsa fronte honi lotutako azpimarratzeko moduko bi ezaugarri aipatu zituzten. Batetik, defentsa-lerro luzeago baten katebegi garrantzitsua izan zela Andatzakoa. Izan ere, Irunetik hasi eta Ormaiztegiraino luzatu zen katea osatu zuten. Kate horren bueltan ziren baita, besteak beste, Bordatxo mendia, edota Zubietako Txaldatxur ingurua.

Bestetik, borrokaldietan zegoen desoreka nabaria ere agerian utzi zuten. "Kontuan izan, soldadu profesionalak ziren" faxistak. Aldiz, inguru hau defendatzen ari zirenak, "gazteak, esperientziarik gabekoak", eskura zuten armekin borrokatu zirenak, nabarmen gutxiago. "Faxistak 800 bat. 450-550 miliziano eta gudari hemen".


Lehen eta azken hildakoak, herrikideak
Bitxikeria moduan nabarmendu nahi izan zutenez, herrian bertan 1936ko gerrak utzitako arrastoaren adierazle, lehenengo eta azkeneko hildakoak herritarrak izan ziren. Lehenengoa, Joxe Aburruza Otegi. Trenbideko langilea, 1934-36 urte artean zinegotzia izandakoa, ezkertiarra. "Gerra hasi zenean, berehela engaiatu zen Errepublikaren defentsan". Oroimen historikoa berreskuratzeko elkartetik Andatzako bisitan berri eman zuten moduan, "kolpistei aurre egiteko prestaketa lanetan ari zelarik Andatzan, hil egin zen 1936ko abuztuaren 5ean". Bere heriotzaren ondotik, "emazteak eta seme-alabek alde egin zuten".

Testuinguru honetan hildako azkeneko herrikidea, 15 urte gazte zubietar bat izan zen. Andatzara igo eta "obus bat topatu zuen". Baserrira eramandakoan lehertu egin zitzaion eta hil egin zen. Usurbil 1936 elkartetik oroitarazi nahi izan zuten moduan, "pertsonak daude honen atzean, familiak, hildakoak, zaurituak.... Haiek ere gure askatasunaren alde bizitza emateraino dena eman zuten". Inoiz jaso ez duten aitortza merezi dutela aldarrikatu zuten.


Bidea seinaleztatua
Maiatzeko lehen igandean ospatzen da Andatza Eguna. Haren jatorriaz ere aritu ziren larunbat goizeko saioan. Izan ere, 1936ko gerraren testuinguruari lotua dago. 1933ko maiatzaren 3an kokatu zuten Andatzako gurutzea egun dagoen tokian, herrikideek herrian bertan egin eta idiekin igo zutena. Gerra garaian faxistek gurutzeak duen plaka kendu zuten. Aurrerago baserritar batek aurkitu eta berriro inauguratu omen zuten.

Andatzako defentsa-lerroaren berri zehatzago jaso dezakezue, zenbait tokitan (Puelan, babeslekuan...) aurki ditzakezuen paneletan eta guneotan (besteak beste, gurutzean irudiotan jaso ahal izan dugun moduan) Usurbil 1936 elkarteak jarri dituen QR kodeen bidez. Oroimenaren bidea seinaleztatua dute Andatzan. Baliabideok aurrerantzean, Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzen ari den lan-taldeak bildu ahal izan duen informazioan sakontzeko aukera emango digute. Iaz aurkezturiko atari propiora bideratuko gaituzte; bertan dituzuela xehetasunak, usurbil1936.eus webgunean.