1936ko gerrak herri honetan utzitako aztarnetan barrena ibili ziren larunbat goizean, Usurbil 1936 elkarteak antolaturiko bisita gidatu eta antzeztuan. Besteak beste, aurreko bi urteetan, 2022an eta 2023an hurrenez hurren, uda garaian Udalaren laguntzaz eginiko indusketa lanetan azaleraturiko hiru lubaki ezagutu ahal izan zituzten. Lehenengoa, babesleku pareko zuhaiztian dagoena, hesitua dago, eremua bera zaintzeko eta segurtasun arrazoiengatik. Handik hurbil beste biak, pinudi beraren azpialdean, Andatza tontorrera bidean.
Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzeko lanean dabilen elkartetik, faxistekiko defentsa gune hauei buruzko xehetasunak eskaini zituen egitasmo honetan parte hartu duen arkeologoetako batek, Josu Santamarinak. Beste ezer baino lehen, garai hartako eremuan kokatu nahi izan gintuen. Egun, pinudi baten barnean daude lubakiok. Gerra garaian, ez zen zuhaitzik ordea, noski, eta beraz, pinudirik gabeko toki gisa irudikatu behar genuela adierazi zuen arkeologoak. Garai hartan, "Gipuzkoako bi heren baino gehiago zuhaitzik gabe zegoen", aurrez eginiko egurraren ustiaketa tarteko. "Pinudi gehiena gerra osteko orden ekonomikoaren ondorio dira", Santamarinak azaldu zuenez.
"Nola dagoen kontserbatua da berezi egiten duena"
Lubakiei dagokienean, 1936ko gerraren hasieran kokatu behar gara, Andatzako defentsa-lerroaz hitz egiterakoan. Gipuzkoan izandako borrokaldia denboran asko luzatu ez arren, "hainbat gotorleku tipologia topa daitezke oso lurralde txikian". Bitxitzat jo zuen guneon bilakaera. "Normalean, lubakiez jendeak zekiena zen gerra karlistetatik jasotako esperientzia eta askotan lubakiak linealak ziren, lerro bat, barrikada moduko bat mendian". Denborarekin, ordea, "hainbat arrazoiengatik, geroz eta gehiago garatu ziren beste forma bat zuten espazioak".
Andatzan bisitatu zuten lehenengo lubakia, babesgune parekoa, "sigi-saga" formako komunikazio lubakia zen, "hegazkinen erasoaldiak saihesteko. Izan ere, hegazkin batek, guztiak hilko zituen lerro zuzen batean". Hala, "bonbardaketa baten kasuan metrailarengandik babesteko" balio zieten.
Halere, 1936ko gerraren hastapenetan egonda, altxamendu faxistatik hilabete pasatxora, "Gipuzkoan nahiko egitura sinpleak ikusten ditugu. Hemengo borrokalari gehienak zibilak ziren. Hemen ez zen hainbeste material arkeologikoirik aurkitu, baina nola dagoen kontserbatua da berezi egiten duena".
"Ze krudela zen gorputzekiko gerra hau"
Komunikazio lubaki bat hein handi batean, eta aurrealdeko zatia, borrokarako lubakia, azken bi urteotako indusketa lanek azaleratu duten moduan; harriekin eta lurrezko zakuekin "harresi modukoak sortzen zituzten". Baina "honek ere bere arazoak zituen defentsari lotuta". Lehergailuren batek joz gero, "lehergailuez gain, harri guztiak metraila gehigarri bihurtzen dira, leherketa bera baino hiltzaileagoak direnak. Pentsa, 800 metroko irismena izan zezakeela halako zirkulu bat osatuz". Horregatik zioen Santamarinak, "ze krudela zen gorputzekiko gerra hau", baina "materialen eskasiak eta esperientzia faltak agintzen" zuen.
Halere, errealitate hau eraldatzen joango zen gerora. "Hau desberdina izango da beste fronte batzuetan, lubakiak beste mota batekoak dira, beste jakinduria eta esperientzia batekin egiten dira".
Halere, hain zuzen arrazoi horregatik balioan jarri zuen arkeologoak Andatzako frontea. "Andatzako fronte honen balio gehigarria hori da. Hasierako fronte horien oso adibide ona da, nahiko ondo kontserbatua dagoena". 1936ko gerraren testuinguruan sortutako lehenbiziko fronteak "ez dira hainbeste ikertu iberiar penintsulan. Horregatik, hau adibide polita da hori ikusteko".
Bortizkeriaren lekuko
Lubakiotan "borroka latzak" izan ziren larunbateko bisitan zehar oroitarazi zutenez, 36ko iraila hasieran. Hainbat datu eskaini zituen adibide moduan, Usurbil 1936 elkarteak. "Borroka gogorrak izan ziren irailaren 5ean". Bi egun geroago, errepublikarren kontraerasoa heldu zen, Zubietako Txaldatxur hartzeko. Ez dute lortzen. "Irailaren 8an Bordatxon eta Arratzainen bi miliziano hil ziren". Hilaren 13an Donostia "erori" zen. Bezperan, gauez, "une hunkigarriak" bizi izan ziren, auto-ilara luzeak Gipuzkoan mendebalderantz, herri honen defentsan ari zirenen "morala oso baxu zegoela".