Usurbil 1936 elkartea duela lau urte jendaurrean aurkeztu eta jardunean hasi zenetik, lan-ildoetako bat izan du indusketa lanak bideratzea eta hauen bidez, ezkutuan zen herri honen historia azaleratzea. Kasu honetan, aurreko bi urteetan, 2022an eta 2023an uda partean indusketa lanak egin eta lubaki hainbat guztiok ikusteko moduan jarri dituzte.
Larunbatean bertara antolaturiko bisita gidatu eta antzeztuan parte harturiko bisitariek hurbiletik behatutako defentsa guneotan, bereziki haietako batean, objektu mordoa aurkitu ahal izan zutela berri eman zuten, ia mila pieza. Gehienak, 800 bat bai gutxienez, bala-zorroak. Baina horiez gain, ibilbide gidatu horretan bisitaturiko azkeneko lubakian, "latak, goilarak, platerak, arrano formadun bastoien muturrak..." aurkitu zituzten. "Materiala atera eta atera", jardun zutela berri eman zuten Usurbil 1936 elkartetik eta lanok luzatu egin zutela indusketa lanon proiektua beste urtebetez.
Munizio gastu oso handia
"Kobazulo batean hiru pieza aurkitu eta horiekin 10.000 urteko historia azaldu behar izaten dugu. Kasu honetan, egun edo aste bateko ekintzetan" aurkitutako objektu guztiak jarri zituen balioan Josu Santamarina arkeologoak larunbateko bisitan.
13-14 metroko lubaki batean, hainbeste munizio aurkitu izana azaldu zuen. "Gerraren hasierako fase honetan munizio asko xahutzen zela zioten, aipatzen da esperientzia faltagatik zela". Andatzako lubaki horretako aurkikuntzak "erakusten digu gastua oso-oso handia zela", arkeologoak azaldu zuenez.
Munizioaren jatorriaz ere hainbat xehetasun bildu ahal izan dituzte; Sevilla, Toledo, Palentzia... aldekoa zen. "Fabrika gehienak Francoren esku zeuden", Santamarinak oroitarazi zuen moduan. Ondorioz, "horrek 1936ko urrian Eusko Jaurlaritza egon zen behartua kanpoan bilatzera munizio hori guztia".
"Ondare publikoa da, guztion ondrea da"
Eginiko aurkikuntza hauek guztiak arkeologo taldea "garbitzen eta inbentariatzen" ari dela iragarri zuten. Horrekin gero, txosten arkeologiko bat osatuko dute. Eginiko aurkikuntzen zati bat Usurbilen izango da ikusgai etorkizunean, gainerakoa, Gipuzkoako gordailuan jasoko dute, "beste indusketa arkeologikoetan egiten den moduan".
Santamarinak nabarmendu zuenez, aurkitutakoa "ondare publikoa da, guztion ondrea da". Garrantzitsutzat jo zuen, "hamarkada luzez isilpean egondakoa guztion memoria historikoaren parte bihurtzea". Are gehiago jakinik, "geroz eta zailagoa dela topatzea garai hori bizi izan zuen pertsonarik".
Usurbil 1936 elkarteak eginiko ahalegin hau goraipatu eta eskertu nahi izan zuen Santamarinak, baita "metodologia arkeologiko bidez lantzea. Azkenean, informazio gehiago lortu dugu, eta, gainera, gure ondare publiko hori behar bezala tratatzeko ezagutzea. Arkelogo bezala eskertzen da gugan jarritako konfiantza, hau ikertzeko".
Azken urteotan Andatzan eginiko indusketa lanetan aurkitutakoaren lagin txiki bat, ikusgai jarri zuten larunbateko bisitaren amaieran. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue zenbait azalpen.