Astearte honetan itzuliko da, "Usurbil, goazen kalera" ekimena

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 15a, 08:22

Herri eragile gehiagoren arteko lankidetzatik sustatu eta herri osoari zuzenduriko eskaintza izango da aurrerantzean, astero paseoak emanez Usurbil zaintzailea sendotzen joatea bultzatu nahi duen "Usurbil, goazen kalera" egitasmoa. Astearte honetan, apirilaren 16an, lehen hitzordua.

Herri osoaren elkargune eta zaintzarako topaleku, halaxe izango da aurrerantzean, "Usurbil, goazen kalera" ekimena. Lehendik ere abian zena, baina iragan astean Potxoenean egitasmo honi buruz egindako aurkezpenean agerian utzi zuten moduan indartzea erabaki dutena. Aurrerantzean, lankidetzan jardungo duen antolatzaile taldea handitu dute eta horrekin batera, ekimen honen onuradun edo hartzaile kopurua ere nabarmen zabalduko da hemendik aurrera.

"Usurbil, goazen kalera" ekimena asteartero egingo da, bihartik, apirilaren 16tik aurrera. Bihar, lehenengo hitzordua, 10:00etan Usurbilgo frontoian. Momentuz, ekaina amaierara arteko egutegia osatu dute, nahiz gerora irailetik aurrera jarraipena eman asmo dioten dinamika honi. Ordu eta erdiz paseotxoa eman ahalko da taldean, hitzordura bertaratzen direnekin.

Usurbilgo herri eta auzoetara
Ekimenarekin bat egin nahi duen herritar orok esku hartu ahalko du. Adin guztietako usurbildarrei zuzendua egongo da hitzordu hau aurrerantzean. Ez da aldez aurretik izena eman beharko, agertzearekin aski izango da. Lerrootako azalpenak eskuorri batean bildu eta plazaratzekoak dira egitasmo honen sustatzaileak egunotan.

Paseorako zonaldea txandakatzen joango dira astero. Estreinako ibilbidea, Kaxkoan barrena egingo dute hilaren 16an, baina gerora, Zubieta, Aginaga edota Santuenea aldean oinez ibiltzeko aukera izango da. Tokian tokiko eragileek bideratuko dute paseo bakoitza. Biharkoa, Kaxkokoa, Udarregi ikastolak eta Gure Pakeak prestatuko dute. Horregatik, egitasmo honetan lankidetzara batu dira Usurbilgo, Santueneko eta Aginagako jubilatuen elkarteak (Gure Pakea, Gure Elkartea eta Arrate hurrenez hurren) edota Zubieta, Aginaga eta Usurbilgo ikastetxeak (Zubieta eta Aginagako eskolak eta Udarregi ikastola hurrenez hurren). Oiardo kiroldegiak ere bat egingo du ekimen honekin. Hain zuzen, paseoak Oiardok antolaturiko bestelako ekintzekin tartekatuko dituzte.

Zaintza ekosistemaren baitan
Ordu eta erdiko tarte horretan, oinez ibili eta amaieran mokadutxoa dastatzeko aukera izango da. Hamaiketakoa Atallun kokaturiko Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritza ikasketetan ari diren gazteek prestatu eta ibilaldia egingo den zonaldera eramateaz arduratuko dira gero, udal langileak. 

"Usurbilgo zaintza ekosistemaren barruan kokatzen dugu ekimen hau", nabarmendu zuen Usurbilgo zaintza ekosistemako arduradun Maider Irisarrik. Gaineratu zuenez, "nahi dugu izan herri zaintzailea eta komunitate zaintzailea". Tresna gisa ikusten du egitasmo hau, bakardade egoerak saihesteko. Izan ere, "ariketa fisikoa aitzakia bezala hartuta, ematen digu beste helburu batzuk lantzeko aukera"; besteak beste, antolatzen parte hartuko duten eragileei begira, belaunaldiartekotasuna jorratu ahal izatea. "Beste helburuetako bat, elkar ezagutzeko eta partaidetzarako espazioak sustatzea litzateke eta komunitate izaera indartzea, herritar bezala guztiok zerbaiten parte garelaren sentimendu hori sustatzea". Aipatu moduan, horretarako, ekimena Usurbilgo herri eta auzoetara hedatu nahi dute, tokian tokiko eragileen eskutik.


Harremantzeko

"Ekimena oso polita iruditu zitzaigun, eta parte hartzeko gonbita egin zigutenean animatu ginen", adierazi zuen Arrate elkarteko kide Mertxe Pikabeak. Ekimenak dakarren onura nabarmendu zuen; "haurrekin, gazteekin, denekin harremandu eta denok elkarlanean aritzea, ez bakarrik. Haiek asko dute guri erakusteko guk ere bai. Animatu ginen, pozik gaude eta ea ondo ateratzen den".

Ildo beretik mintzatu zen baita Udarregi ikastolako hezitzaile Ander Izeta. "Ikasgela barruan gauza asko daitezke, baina ikasgelatik kanpo ere bai. Iruditu zitzaigun oso ekimen polita ikasgelatik kanpo ikasteko eta belaunaldiartekotasun hori lantzeko, badugulako zeinek zeini erakutsi, bai adinekoek gazteenei eta gazteek ere. Elkarrekin paseo horiek emanez, hor sortuko diren harreman horiek baliagarriak izango zaizkie bizitzarako, zaintza eta hori guztia beraien bizitzaren erdigunean jartzeko".

"Gazteak oso ilusionatuta daude"
Paseo hauetako hamaiketakoa prestatzeaz arduratuko den Oinarrizko Lanbide Heziketako zuzendari Idoia Beloki egitasmo honetan parte hartzeko gonbita jaso izanagatik esker oneko agertu zen iragan asteko aurkezpen ekitaldian. "Proiektu honetan parte hartzeko gonbita gizarte zerbitzuetatik eskaini ziguten eta guretzako aukera oso oso ona da. Gazteekin lan egiten dugu eta iruditzen zaigu proiektu erreal bat, ikasteko askoz hobea dena. Sukaldaritza ikasten ari den batek behar du proiektu erreal bat. Gazteak oso ilusionatuta daude, beraiek pentsatuko dute zer eta nola egingo duten. Gai horrekin landuko ditugu arlo asko".


"Usurbil, goazen Kalera"
Maiztasuna: astean behin.
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:00-11:30.
Abiapuntua eta helmuga: tokian tokiko frontoia. 
Lehenengo hitzordua: apirilaren 16an, 10:00etan Usurbilgo frontoian.
Iraupena: momentuz, ekaina amaiera arte, irailean segida eman asmo diote.
Antolatzaileak: Gure Pakea, Gure Elkartea eta Arrate elkarteak, Udarregi ikastola, Aginagako eta Zubietako eskolak, Usurbilgo Udala, Oinarrizko Lanbide Heziketa.