Usurbilgo jaiak

Txupinazo jaurtitzailea eta egitarau diseinu lehiaketa erabakitzeko txapelketak abian laster

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 15a, 12:19

Jai Batzordeak astebete barru abiarazi koditu ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko ditugun Usurbilgo festetako txupinazoa nork jaurti hautatuko duen txapelketa. Era berean, egun horietan izango ditugun hitzorduen berri emango digun egitarauaren diseinua erabakitzeko lehiaketara ere sorkuntza lanak aurkezteko epea zabaltzear du.

Txupinazoa
Santixabelei ekainaren 28an udaletxeko balkoitik hasiera nork eman erabakitzeko herritarren ekarpenak bilduko ditu Jai Batzordeak, aurreko urteen antzera, apirilaren 22tik maiatzaren 24ra arte. Txupinazoa nork eta zergatik jaurti behar duen, proposamenok egiteko bi modu izango dituzue: kultura@usurbil.eus helbidean edo udaletxean, liburutegian, kiroldegian eta Potxoenean jarriko dituzten kutxetan.

Egitarau diseinu lehiaketa
Festen berri emango digun egitaraua diseinatzeko txapelketa ere abiaraziko dute hilaren 22an. Lanak udal erregistroan aurkeztu beharko dira, maiatzaren 24a baino lehen. 500 euroko saria eskuratuko du irabazleak. Oinarrien berri bideotatik jaso dezakezue: usurbilkultura.eus / 943 371 999.

Diseinu lanari dagokionez, ohi bezala, lehenbizi Potxoenean egitarauko testua eskuratu beharko da edo bestela kultura@usurbil.eus helbidean galdegin.

Testu horretan oinarritu beharko da sortze lana, euskaraz, neurri librean. Udalaren logoa erantsi beharko zaio. Lanak paperean eta euskarri digitalean (CD edo pendrive batean, PDF formatuan) aurkeztu beharko dira, bi gutunazaletan. Bietan egilearen izengoitia, A edo B gutunazala den eta "Santixabel egitarauaren lehiaketa" adierazi beharko da. Kartazaletan eta B kartazaleko dokumentazioan "izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte-hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da".

A gutunazalean, "aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo taldearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu". B gutunazalean, "proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean".

Nahi adina sortze lan aurkeztu daitezke, norbanako gisa, edo taldean eta "taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun". Modu batean edo bestean ordea, lanek aurrez argitaratu gabeak, lehiaketetan parte hartu gabekoa eta originalak izan beharko dute. "Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da".

Jai Batzordeko eta diseinu arloko ezagutza duten bina kideek eta kultur arloko zinegotziak osaturiko epaimahaiak izango du azken hitza. "Erabakia hartzeko orduan, garrantzia handia emango zaio, besteak beste, egitaraua erraz irakurtzeko modukoa izateari". 

Lanak udal erregistroan aurkeztu beharko dira, edo bestela helbide honetara postaz bidali: Usurbilgo Udala, Kultura Saila: Joxe Martin Sagardia plaza z.g.; 20170 Usurbil.

Informazio gehiagorako, deitu 943 377 199 telefono zenbakira edo kultura@usurbil.eus helbidera idatzi.