Zenbait aldaketa ikastaroen eskaintzan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 15a, 08:00

Hazten doa hurrengo asteotarako ikastaro eta tailerren eskaintza. Kontuan hartzeko bi aldaketa segidan; batetik, Txokoargik antolaturiko sendabelarren ikastaroa hilabete atzeratu dute. Bestalde, Santuenea elkarteak buztigintzako saioa iragarri du ostiralerako.

"Sendabelarrak ezagutu eta bildu"
Txokoaldeko Txokoargi kultur elkartearen eskutik, “sendabelarrak ezagutu eta bildu” izeneko tailerra antolatua zuen apirilaren 20rako, baina hilabete atzeratzea erabaki dute, maiatzaren 18ra arte hain zuzen. Maiatzeko hirugarren larunbatean, 10:00-12:00 artean egingo da saioa, aipatu elkartearen egoitzan. Saioan 12 lagunentzako tokia egongo dela ohartarazi dute. Izena aurrez eman beharko da 619 591 849 telefono zenbakian; 17:00-19:00 artean deitu.

Buztinarekin jolasean
Santuenea auzo elkarteak Usurbilgo Udalaren laguntzaz antolaturiko saioa, ostiralean, apirilaren 19an, 18:00-20:00 artean auzoko ludotekan (Santuenea 16an). Izena aurrez eman beharko da santueneaguretxikiak@gmail.com helbidean. Sarrera 3 eurokoa izango da, doakoa bazkideentzat. "Ez ahaztu mantal bat ekartzea eta zure artelana etxera eramateko kaxa bat! (tupper handi bat edo kartoizko kaxa txiki bat)", ohartarazi dute antolatzaileek.

Lanbide Eskola

Usurbilgo Lanbide Eskolatik jakinarazi dutenez, "apiriletik aurrera hasiko dira Lanbide bidez eskaintzen diren langile eta langabetuentzako ikastaroak aurten. Aurtengo eta datorren ikasturterako ikastaro aukera ugaria aurkituko duzue ikastetxean". Informazio gehiago jaso eta izena ikastaroak.lhusurbil.eus atarian eman ahalko da. Administrazioa eta kudeaketa, fabrikazio mekanikoa, turismoa eta ostalaritza, informatika eta komunikazioak, elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, instalatzea eta mantentzea eta heziketa osagarria, alor hauetan guztietan hamaika ikastaroetan parte hartzeko aukera eskaintzen ari da Lanbide Eskola.

"Ateak zabalik"
Hurrengo ikasturtera begira, bestalde, Lanbide Eskolako hezkuntza proiektua eta azpiegiturak ezagutu nahi dituenarentzat "ateak zabalik" izeneko hiru jardunaldi egun antolatu dituzte maiatzerako: 

  • Maiatzak 4 larunbata: bi saio izango dira 10:00etan erdi mailak / 11:30ean goi mailak eta espezializazioa.
  • Maiatzak 7 asteartea: 17:00etan erdi mailak.
  • Maiatzak 8 asteazkena: 17:00etan goi mailak.

Dagoeneko hitzorduotan izen-emateko epea zabalik dela berri eman dute Lanbide Eskolatik:
lhusurbil.eus
943 36 46 00
galdetegia


KzGunea
Goizez zabalduko dute hilabete amaierara arte Usurbilgo KzGunea, 9:00-13:00 artean. Honatx bertara datozen hurrengo ikastaroen berri:
-Apirilak 29-30, 9:00-11:00: "Online izapideak Osakidetzarekin".
-Maiatzak 6-17, 16:00-18:00: "Ofimatika tresnak-LibreOffice".
-Maiatzak 20-22, 16:00-18:00: "Zure bidaia planifikatu".
-Maiatzak 23-24, 18:00-20:00: "Instagram. Partekatu zure argazki eta bideo onenak".
-Maiatzak 27-31, 18:00-20:00: "Mekanografia. Ikasi hutsetik".
Informazio gehiago, bideotatik:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net




"Vachoca" tailer artistikoa
Apirilaren 25erako iragarri du Usurbilgo Udalak, 10:00-11:30 artean Artzabalgo aretoan, 60 urtetik gorakoentzat. Gehienez 15 lagunentzako lekua egongo da. "Vachoca (Vabagundo, chocolate, calcetín)" izeneko tailer artistikoan. "Etxea gaitzat harturik, tailer artistiko bat bideratuko da modu praktiko batean. Esperientzia honen bitartez helduak sormenarekin harremanetan jarriko dira. Material desberdinekin esperimentatuz eta jolastuz momentu atsegin bat igaroz. Bakarkako zein taldeko ariketak egingo dira bertan. Proiektuan zehar ezagututako pertsonen egoerak kontatuko dira, elkarrizketa eta kontzientzi kritiko eraikitzailea bultzatuz. Ekimen hau, Usurbilgo Udalaren sormen dirulaguntza deialdiaren baitan bideratu da".


Kantu Taldearen ikastaroa
Palestinaren nahiz Korrikaren alde abestu eta Peio eta Pantxoa omendu ostean, hilabete honetarako ere hitzordu berezia iragarri du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Izan ere, kantu-jirarako bildu ohi dira hilero azken larunbatetan. Apirileko azken larunbatean 12. Dantza Eguna ospatuko da. Horregatik, ohiko kantu-jiraz gain, kantu-bazkaria ere antolatu dute Askatasuna plazan, Orbeldi dantza taldekoekin lankidetzan. Txartelak aurrez eskuratu ahalko dituzue Artzabalen. Albiste hau lerrootara dakarkigu, izan ere hitzordu hauek guztiak prestatzeko astelehenero biltzen dira Kantu Taldekoak ikastarorako arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan.