Kale Nagusia ibilgailuentzat zabalik berriz, baina tentuz ibiltzeko deia

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 15a, 18:08

Eguerdian Lurraldebuseko autobus batek izandako matxuraren ostean, bihar arte trafikoa itxita egongo zela aurreikusi arren, zabalik da berriz ibilgailuen joan-etorrietarako Kale Nagusia.

Donostia aldetik zetorren eta Zumaiara bidean Usurbilen geldialdia egitekoa zuen Lurraldebus UK09 autobusak matxura izan du eguerdiko 14:30ak aldera. Olio dezente galdu du eta trafikoa eten behar izan dute. Udaltzaingoak Zubiaurrenea kaletik bideratu ditu autoak. Bitxikeria gisa, autobusa berri-berria da. Gidariak aitortu digunez, astebete baino ez du. Matxuraren arrazoia argitzeke dago oraindik.

Adi ibili
Gertakariok tarteko, asteartera arte autobus zerbitzuok San Inazioko biribilgunean egingo zituztela geldialdiak iragarri dute. Baina, astelehen arratsalde honetan bertan zabaldu dute berriz Kale Nagusia.

Halere, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, "abiadura murriztu eta tentuz pasatzea komeni da; olio asko isuri du autobusak, eta oraindik ere labainkor egon daiteke zenbait puntutan". Adi ibili, beraz.