Zumetaren muralak 50 urte

"Zumetaren Usurbil" erakusketara iragarritako bisita gidatuetan lekurik ez

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 16a, 10:56

650 Usurbil Bizi herri egitasmotik Sutegiko erakusketara antolaturiko bisita gidatuetan izen-emateko epea itxita dago jada, taldeak osatu baitira.

Ez dago bisitari gehiagorentzat lekurik. 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik ohartarazi dutenez, osatu dira apirilaren 20 eta 28rako iragarriak zituzten bisita gidatuetarako taldeak. "Mila esker izena eman duzuen guztioi!", adierazi dute 650 Usurbil Bizi-tik. Bi hitzorduok berezitasun bat izango dute hain zuzen; biak ala biak, iragan ostiralean Sutegin ireki zuten "Zumetaren Usurbil" erakusketan amaituko dira, herriko kaleetako kultur sorkuntza ezagutzeko bira egin ostean.

Apirilaren 28ra arte
Gogoan izan, frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga ospakizunen zikloa borobilduko duen "Zumetaren Usurbil" erakusketa ireki zuten iragan ostiralean Sutegin.

Jose Luis Zumetaren eta bere sorterriaren, Usurbilen arteko hartueman artistikoa biltzen du. "Usurbildarrentzat oso berezia den eta izango den erakusketa batetaz ari gara", alkate Agurtzane Solaberrietak irekiera ekitaldian zioenez; "izan ere, Zumeta eta Usurbilen artean izan den lotura artistiko hori erakutsiko digulako erakusketa honek". Horregatik, bere esanetan, "Usurbilentzat eta usurbildarrentzat ohorea eta luxu handia da, Zumetaren artelanez osatutako Zumetaren Usurbil erakusketaz gozatzeko aukera izatea".

Gogorarazi zuenez, "artistaren ibilbide osoa hartzen du hautaketak, 1960tik 2018ra, eta era guztietako obra ezberdinak: erretratuak, txoriak, Usurbilentzako egindako kartelak, papiroak...". Laburbilduz, nabarmendu nahi izan zuenez, "geure herri-iruditeria, izaera arnasten da erakusketa honetan, geu garena hain justu". Erakusketa hau osatzeko eginiko lanagatik eskertu nahi izan zuen Usoa Zumeta, ekimen honek azken urtebeteko zikloa borobiltzen duela gogora ekartzearekin batera.



Zikloaren itxiera
Izan ere, "dakizuenez 2023a ospakizun urtea izan da, iaz bete baitziren 50 urte Jose Luis Zumeta frontoi atzeko mural erraldoia egiten hasi zenetik. Usurbilgo Udalak eskatuta egin zuen artelan hori Zumetak 1973-74 artean eta urtemuga hau borobiltzeko erakusketa berezia antolatu dugu, Usurbil eta Zumetaren artean izan den lotura artistikoa islatzen duen erakusketa hain zuzen ere".

Ekimen honen aurretik beste hainbat bideratu dituzte herri eragile ezberdinen arteko lankidetzatik. "Iazko otsailean ekin genion 50. urteurreneko egitarau honi eta urtebete honetan era guztietako ekitaldiak eta ekimenak antolatu ditugu, herriko eragile ezberdinen arteko lankidetzaren bidez garatu eta aurrera eraman ditugunak, bereziki Zumeta Arte Estudioarekin, Usoa Zumetarekin batera garatu ditugunak".

Gogora ekarri nahi izan zituen, omendutako frontoi atzeko muralaren kontserbazio lanak edota bere sortze prozesua agertu zuen erakusketa. "Erakusketa horrek gure aurreikuspen guztiak gainditu zituen, arrakasta handia izan zuen. Izan ere, 15 egunetan 1.500 pertsona gerturatu ziren erakusketa ikustera eta agortu egin zaigu erakusketaren harira argitaratu genuen liburua". Oso ale gutxi dituztela eta, berriz argitaratzeko asmotan direla adierazi zuen alkateak.

Gogora ekarri zuen baita, Oskar Alegriaren zuzendaritzapean, Zubietako errebote plazan grabatutako Zumeta 23 film laburra. "Udalaren Youtubeko kanalean dago eskura, ikusi nahi baduzue lau hizkuntzetan. Zubietan grabatu zen film hori, Zumetaren muralari gorazarre eginez, bi pilotari margolarik kolore festa bat ospatzen dute, mihise modura balio duen frontis zuri hartan. Pieza artistiko batean oinarrituz, beste pieza artistiko eder bat sortu zuen Alegriak". Ikus-entzunezko lan hau estreinatu zen iraileko asteburu berean, "Xumetik herriko Kulturguneak maisuki antolatutako herri jaialdia ere ospatu genuen, geuretik sortutako omenaldi hunkigarria zinez".

Azkenik, "urteurren honen karietara ere 650 Usurbil Biziren eta Chillida-Lekuren elkarlana bultzatu dugu. 2024ko urtarrilean bete dira 100 urte Eduardo Chillida artista handia jaio zenetik eta bi urteurrenak uztartuz, Chillidaren eta Zumetaren obrak ezagutzera emateko bisita gidatuak ere osatu ditugu".

Hari-mutur bakoitzetik tirata, beste erakusketa bat egiteko aukera
Hainbat erakusketa inaugurazio izanda Sutegiko irekierara joan izanagatik bertaraturikoei eskerrak eman zizkien Usoa Zumetak. Bere esanetan, ez du argi zein izan zen erakusketa honen abiapuntua. "Erakusketa honek nolabait ixten du ziklo hau, iaz hasitako erakusketa hori osatzen du baina berez ez dakit lehenengo izan zen Usurbil ardatz izanda erakusketa bat antolatzea edo aitaren obra figuratiboa fokoan jartzeko helburua ote zen lehenengo. Ez dakit zer izan zen lehenengo".

Argi duena da, "erakusketa hau kontentzio lana izan dela. Azkenean, ibilbidea luzea da, 1960an hasten da lehenengo obra eta 2018an amaitzen da, tarte hori jasotzen du". Bere esanetan, "obra bakoitzak emango zuen aukera izateko beste erakusketa bat eta hari-mutur bakoitzetik tirako bagenu, materiala egongo litzateke egiteko beste erakusketa bat".

Halere, atzean, Sutegiko areto barruan zuen bildumari erreparatu nahi izan zion. "Momentuz, hau dugu, gozatzeko, Zumetaren Usurbil". Erronka handia izan dela nabarmenduta, laguntza eta babesa eskaini duten guztiak eskertu nahi izan zituen; bereziki "Usurbilgo Udala, eskainitako babesagatik, baita ere obrak utzi dituztenei".

Erakusketari lotutako katalogoa asteartetik aurrera izango da eskuragarri. Gogoan izan, apirilaren 28ra arte izango dela zabalik erakusketa hau, ordutegi honetan:
-Astelehenetan: 17:00-20:00.
-Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 17:00-20:00.
-Larunbatak eta eta igandeak: 11:30-14:00 eta 17:00-20:00.